Jimmy Cobb: "Gazteekin nire esperientzia partekatzea ezinbestekoa da. Bestela hamar urte barru inork ez du jakingo nor izan den John Coltrane edo Louis Amstrong"
Jimmy Cobb (Washington D.C., 1929) bateria jotzaileak Jazzaldia Saria eskuratu du gaur eguerdian. Haren itzala luzea da jazz garaikidearen historian. Jazz musikari handienekin jotzeko aukera izan du. Miles Davis-en Kind of Blue diskoan parte hartu zuen; eta Cobb da saio historiko hartako musikarien artean bizirik dirauen bakarra. Frank Wess, Billie Holliday, Sarah Vaughan eta ohn Coltranerekin jo du, besteak beste.
Urtarrilean 83 urte bete zituen, eta sasoi betean dago. Musikari gazteekin egiten du lan. Haiei irakatsi nahi die Miles Davisen ondarea. Goizean eman duen prentsaurrekoan jazzaren transmisioak duen garrantzia azpimarratu du hain zuzen: Gazteekin nire esperientzia partekatzea ezinbestekoa da. Jazza gutxiengo batentzako musika da, eta guk daukagu jazza belaunaldi gazteenei transmititzeko ardura. Bestela hamar edo hamabost urte barru inork ez du ezagutuko John Coltrane edo Louis Amstrong”.
Donostiako Jazzaldiaren Saria eskuratu duten musikarien zerrenda luzea da: Doc Cheatham, Phil Woods, Hank Jones, Chick Corea, Kenny Barron, Ray Brown, Elvin Jones, Bebo Valdes, Shirley Horn, Keith Jarrett, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Ahmad Jamal, Toots Thielemans… Orain Jimmy Cobb musikaria ere zerrenda horretan sartu da.
Proiektu askotan parte hartu du Cobbek, eta hainbat estilotara egokitu behar izan du bateria jotzeko modua. Jazzaren erritmo tradizionaletatik, garaikideetara. Bere ustez, garrantzitsuena berezko swing-a izatea da. Modu naturalean ateratzea. Pozik dago Cobb, AEBetako musikari gazte askok jazzaren bidetik egin dutelako. Bateria jotzaile gazte on asko dagoela esan du Cobbek: Cindy Blackman Santana, besteak beste.
Cobbek Viktoria Eugenia Antzokian jaso du saria, Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik. Arratsaldean, Viktoria Eugenia Antzokian kontzertua eman du.