Carlos Vela: "Jainkoari esker dena nahi genuen bezala atera da azkenean"
Mexikarrak datozen lau denboraldietarako sinatu du Realarekin; hamaika zenbakia eramango du
Hainbeste desio zuena lortu du Realak, Arsenalekin adostasunera iristea. Asteartean egin zen ofiziala Velak lau denboraldiz talde txuri-urdinean jokatuko zuela, eta asteazkenean lehen entrenamendu saioa egin zuen mexikarrak Zubietan, eta atzo bigarrena. Izerditu ostean, aurkezpen ofizialaren txanda iritsi zen, eta Vela oso pozik agertu zen komunikabideen aurrean. Behin eta berriz etxean bezala sentitzen dela aipatu zuen, hiriagatik, zaleengatik eta ingurukoengatik. «Beti argi izan dut hona itzuli nahi nuela. Jainkoari esker dena nahi genuen bezala atera da», adierazi zuen Velak. Gainontzeko jokalariak baino beranduago hasi denez entrenatzen, orain badaki gogor egin beharko duela lan. «Askoz nahiago nuen nire kideekin batera entrenatzen hasi banintz, ez da erraza bakarrik entrenatzea. Orain, galdutako denbora errekuperatzen saiatuko naiz», gehitu zuen Velak.
Jokin Aperribai Realeko presidenteak argitu zuen 3 milioi euro ordaindu dizkiola Realak Arsenali Velarengatik. «Apirilean hasi ginen Arsenalekin hitz egiten, eta negoziaketa luzea izan da, hasieran 12 milioi eskatzen baitzituzten», aipatu zuen Aperribaik. Azkenean, ordea, aldaketarik ezean, lau denboraldi beteko ditu Velak talde txuri-urdinean. «Letra larriekin eskertu behar diegu Velari eta bere ordezkariari egindako esfortzua», gehitu zuen Aperribaik.
Sei realzale izan ziren Carlos Velari prentsaurrekoko lehen galderak egiteko aukera izan zutenak; jokalariak Anoetan banatutako baloiak lortu zituzten bostak, eta Realak Twitteren egindako lehiaketaren irabazlea. Mexikarrari oporretan non egon den galdetu zion batek, baina hori ez zuela erantzungo esan zuen, barre artean. Ondoren, kazetarien txanda iritsi zen, eta Velak arazorik gabe erantzun zituen galdera guztiak. «Joan den denboraldian egindakoaren ostean, argi dago zaleek zerbait gehiago espero dutela. Beti saiatzen naiz aurrera egiten, eta taldeari hobetzen laguntzen saiatuko naiz», aipatu zuen Velak. Iazkoari begira, bereziki etxean oraindik indartsuagoak izan behar direla, eta etxetik kanpo hobetu behar dutela aipatu zuen.
Aurrelariak onartu zuen talde gehiagotako eskaintzak jaso izan dituela. «Denboraldia bukatu zenean, eskaintza asko egon ziren, hemengoak eta atzerrikoak; baina uneoro argi nuen hoberen nengoen tokia hau zela», esan zuen harro jokalariak.
Mikel Aranbururen elastikoa
Orain arte Mikel Aranburu izan da elastiko txuri-urdinean hamaika zenbakia jantzi duen jokalaria. Aurrerantzean, ordea, Velak eramango du. «Arsenalen zenbaki horrekin jokatu nuen eta Mexikoko selekzioarekin ere zenbaki bera eraman izan dut», argitu zuen Velak. Hala ere, badaki Realean garrantzia handiko jokalaria izan dela Aranburu, eta zenbakiak merezi duen errespetua emango diola esan zuen. «Ardura da niretzako hamaika zenbakia eramatea; Aranbururen hutsunea bete beharko dut, eta gauza onak egiten saiatuko naiz».

