Frankismoaren krimenen aurkako helegitearekin bat egin dezala eskatu diote udalari
Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak mozioa aurkeztu du gaur goizean, udaletxean.
Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak mozioa aurkeztu du goizean udaletxean. Frankismoaren krimenen aurkako helegitearen euskal plataformako kidea da elkartea. Honen bidez, udalari honakoa eskatzen diote: Francisco Francoren altxamendua eta ondoko diktadura gaitzestea; oligarkiak eta Eliza Katolikoaren buruek bi hauen alde izandako jarrera salatzea; eta 1977ko Amnistiaren Legea bertan behera uzteko eskatzea. Bestalde, frankismo garaiko genozidioa eta gizakien aurkako erasoak ikertzen ari den helegitearekin bat egin dezan nahi dute. Hain zuzen ere, Maria Servini de Cumbria epaile argentinarrak herrialde hartan aurrera daraman helegitea.
Elkartekideen izenean hainbat abokatu astelehenean saiatuko dira Servini de Cumbria epaileari bonbardaketetan hildako donostiarren zerrenda, fusilatutako donostiarrenak eta purgatuak izan ziren udal langile nahiz funtzionarioena helarazten.
Frankismoaren krimenen aurkako helegitearen euskal plataforma Altafaylla Kultur Taldeak, Euskal Herriko CNT, Durango 1936 Kultur Elkarteak, Euskal Memoria Fundazioak, Eusko Lurra Fundazioak, Egiari Zor Fundazioak, Garraxi taldeak, Gernika Batzordeak, Goldatu Elkarteak, Inxorta 1937 Kultur Elkarteak, Martxoak 3 Elkarteak, OroituZ-ek, Sare Antifaxitak eta Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak eta Lau Haizetara Gogoan Elkarteak osatzen dute.