Madeleine Peyroux, Miles Smiles eta Neneh Cherryrekin esango du gaur agur Jazzaldiak
47. Jazzaldiak gaur esango die agur musika zaleei. Kursaal Auditorioan Madeleine Peyroux abeslaria izango da, 17:30ean. Batzuen ustez, XXI. mendeko Billie Holiday da. 1996an, 22 urterekin, lehen diskoa kaleratu zuen: Dreamland. Arrakasta berehalakoa izan zen. Bessie Smith, Patsy Cline, Edith Piaf, Leonard Cohen, Bob Dylan, Hank Williams eta Tom Waits-en hainbat kanta eder abesten ditu Madeleine Peyroux-ek. Horrez gainera, konpositore bikain agertu zaigu, eta gero eta pisu handiagoa dute haren kantek, azken diskoan ―Standing on the Rooftop― esaterako. Trinitate plazan Neneh Cherry izango da, 20:00etan. The Thing hiruko suediar-norvegiarra izango du lagun. Bere aita Don Cherryren omenezko omenaldia izango da. Tronpetista gisa, jazz freearen erakusle nagusietako bat izan zen bere aita. Agertoki berean izango dira Miles Smiles. Miles Davisen omenez joko dute. Kursaal eta Trinitate plazan ez ezik, beste agertoki batzuetan ere izango dira zuzenekoak. San Telmo Museoan, esaterako. Gonzalo Tejada musikari donostiarra elizan izango da Olivier Ker Ouriorekin, 23:30ean. Klaustroan, berriz, Nils Petter Molvaer. Kursaaleko terrazak ere Jazzaldiari agur esateko prestatu dituzte. Frigo agertokian Youn Sun Nah (19:00), Ximo Tebar eta IVAM Jazz Ensemble (21:30) eta La Prima Janis (00:00). Heineken terrazan, Gabacho Connection (19:00) eta R.S. Factor (23:00). Coca Cola agertokian Miguel Salvador Quartet (19:00) eta Ornetillos (23:00). Nautikoko terraza ere zabalik izango da. 17:00etatik aurrera DJ Makala, Bridges Trio, David Soler eta Jazz Triangle izango dira, besteak beste.



