Asier Suberbiola: "Nire proiektua aurkeztera etorri naiz, eta polita izan da"
AupaQUARTET taldeko kidea oso pozik dago Jazzaldian izandako esperientziarekin
47. Jazzaldiak agur esan du; bukatu dira nazioarteko izarrekin eta bertako musikariekin programatutako kontzertu guztiak. Bost eguneko jaialdia agurtu da, datorren urtera arte, eta gaur goizean bertan jaialdiaren balantzea egingo dute Jazzaldiko arduradunek. Hori baino lehenago, ordea, Asier Suberbiolarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk. Donostiarra izatez, Bartzelonan bizi da gaur egun, eta bertan AupaQUARTET taldea sortu du. Laukotearekin lehen aldiz Donostiako Jazzaldian parte hartu du, eta bere esperientziaren berri eman dio egunkari honi. «Pozik ibili naiz, betidanik izan bainaiz oso Jazzaldi zalea. Nire proiektua aurkeztera etorri naiz, eta polita izan da. Bartzolonan bizi garenez, han gehiagotan jotzen dugu, baina urtean behin edo bitan gutxienez Euskal Herrian bira bat antolatzen saiatzen naiz», azadu du Suberbiolak.
Asier Suberbiola biolin-jotzailearekin batera, Ramses Puentek (biolina), Martin Melendez (biolontxeloa) eta Felipe Escalada (biola) dira AupaQUARTETeko kideak. «Soka laukote bat da AupaQUARTET. Bi biolin, biolontxeloa eta biola dira laukotea osatzen dutenak. Musika klasikoaren historian, duela 300 urte baino gehiago atzera eginda, halako formazioentzako konposizio asko eta asko egin izan dira. Pentsatu nuen, halako talde batekin nire gogoko musika egin nahi nuela, eta Bartzelonan ikasten ari nintzela, musikarien bila hasi nintzen», azaldu du Suberbiolak.
Hala, imitaziorik egin gabe, euren musika sortzen saiatzen dira. «Jazzetik gertu dago gure musika, eta taldekide bi kubatarrak direnez, erritmoan dezente nabaritzen da. Latin musikatik gertu dago, eta baditugu pare bat abesti funky», zehaztu du Suberbiolak. Musika sortzean, gainera, era berezia dute, guztien artean lan egiten baitute. «Sorkuntzako momentuan, bakoitzak bere ahotsa sortzen du. Horrela, sortzen duguna askoz ere trinkoagoa da, eta bakoitzak jotzen duena bere espresatzeko moduan dago, ez digulako inork inposatzen jo beharrekoa».
Jazzaldian, zehazki, hiru emanaldietan izan dira eszenatoki gainean. Ostiralean, uztailaren 20an, Altxerrin jo zuten. «AupaQUARTET eta lagunak bezala jo genuen. Altxerrikoa oso gertukoa izan zen, eta bereziki ongi egiteko gogoa genuen. Jazzaldia nolabaiteko erakusleiho bat da, eta kontzertu horretan oso gustura egon ginen». Larunbatean, Nautikoko terrazan aritu zen taldea, Nauticool eszenatokian. «Kalean jotzerakoan, soinua ez zen nahi genuena bezain ona izan, baina ahal genuen guztia eman genuen. Hasieran lagunak eta senitartekoak zeuden, baina bukaeran ezagutzen ez genuen jende pila bat elkartu zen». Gainera, Jazzaldian parte hartu duten zenbait izarrekin hitz egiteko aukera ra ere izan zutela dio Suberbiolak. «Gure moldaketak oso gogoko izan zituztela esan ziguten hainbat musikari ezagunek. Oso pozgarria izan zen». Igandean, berriz, Jazzaldiko kontzertu garrantzitsuenetako kide izan zen AupaQUARTET; Antony Hegarty babestu zuten, Et Incarnatus orkestraren barnean . «Nik lan egin nuen Et Incarnatus orkestran Bartzelonara joan nintzen arte. Orain, beraiekin jotzeko proposamena egin ziguten. Aste honetan egunero orkestrarekin lanean aritu gara, eta oso polita izan da. Kursaalen 1.800 ikusle zeuden igandean, eta oso esperientzia polita izan da. Antonyren jarraitzaileak oso sutsuak dira, eta show modukoa izan zen». Azken batean, kontzertu lasaia izan zela nabarmendu du: «Oso kontzertu lasaia izan zen, baina oso sentikorra eta barnerakoia».
Diskoa sortzekotan
Bizitakoa bizi ostean, berriro ere Jazzaldira itzultzeko gogoz dago Suberbiola: «Oso gustura egon gara. Jende askorekin egoteko aukera dago, eta kontzertu asko entzutekoa». Hala ere, datorren urtera arte badute lana, izan ere, euren lehen diskoa prestatzen ari dira, beste proiektu batzuekin batera.

