Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertu berezia eskainiko du hirian, bere 15. urtemuga ospatzeko
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan ariko da talde gaztea gaur, zuzenean
Euskal Herriko Gazte Orkestra bere 15. urtemuga ospatzen ari da. Hori dela eta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan, kontzertu berezia eskainiko du gaur bertan, 20:00etan. Zehazki, Igor Stravinskyren Petrushka balleta interpretatuko du orkestra gazteak. Zailtasunik handienetakoa duen progama sinfonikoetako bat da, eta aldi berean, ederrenetakoa. Ohikoa den moduan, Juanjo Ocon donostiarra ariko da zuzendari lanetan. Donostiako kontzertuaz gain, atzo arratsaldean kontzertu bera Gasteizen ematekoak ziren, eta bihar, berriz, Bilboko Euskalduna jauregian izango dira.
Petrushkaren 1947ko bertsioa izango da gazte orkestrak interpretatuko duena. Stravinskyk 1882 eta 1971 urteen artean sortu zuen lana. Zehazki, bizia lortzen duen txotxongilo baten istorioa kontatzen du, eta lau zatitan banatua dago: Inauteri azoka. Dantza errusiarra; Petrushka; Moroa; eta Inauteri azoka. Haurtzainen dantza. Nekazarien eta hartzaren dantza…
Gaurko kontzerturako sarrerak kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke, 9’85 euroren truke.
1997tik lanean
1997an hasi zen lanean Euskal Herriko Gazte Orkestra. Ordutik, musika sinfonikoko eta kamara musikako 150 kontzertu baino gehiago eman ditu, sei herrialde inguru bisitatu ditu, 120.000 ikusle inguru izan ditu, eta 1.200 gazte igaro dira orkestratik.
Zenbaki horiekin argi geratzen da orkestra bere helburuak betetzen ari dela, musikari gazteei orkestra hezkuntza alternatiboa eskaintzea, eta euskal kultura nazioartean zabaltzea, besteak beste. Hala, gazteen artean musika ikasketen eta mundu profesionalaren arteko zubia izan nahi du orkestrak aurrerantzean ere.



