Herritarrek berrogeita hamar proposamenetik gora egin dituzte
Hiriaren eraberritzearen bigarren mendeurrena ospatzeko ideiak irailaren 15era arte jasoko dituzte
Atzo elkartu zen lehenengo aldiz Donostia 2013ko egitarau ofiziala osatzeko udal batzordea. Herritar eta gizarte eragileek egindako proposamenak aztertzea da batzordeak emango duen lehen pausoa eta herritarren erantzuna «apartekoa» izan dela azpimarratu du Miren Azkarate batzordeko presidenteak. Berrogeita hamar ideiatik gora aurkeztu dituzte herritar eta gizarte eragileek eta oraindik ere proposamenak egiteko aukera egongo da, irailaren 15a bitartean utzi dutelako epea zabalik. Parte hartzea handia izaten ari dela eta hori aberasgarria dela nabarmendu du.
Argitalpenak, antzerki emanaldiak, kontzertuak, ikuskizunak, hitzaldiak eta beste hainbat jarduera dira udal batzordeak mahai gainean dituenak. Bigarren mendeurrena irudikatuko duen zigilu bat egitea proposatu duenik ere badago.
Batzordea eratzea adostu zenetik proposamenen nondik norakoak ezagutzeko herritarrekin biltzen ari dira. Behin proposamen guztiak ezagututa, horiek guztiak sailkatu eta egitarau bat osatu beharko dute. Geratzen diren hutsuneak betetzea izango da udal taldeen eginbeharra, era berean. Denen artean, bigarren mendeurrenari ikuspegi «plural eta osatua» emango diotela adierazi du batzordeko presidente eta EAJko zinegotziak.
Donostia 2013 batzordeak irailaren 3an egingo du hurrengo bilera.
