Hoteletako okupazioak ia %4 egin du gora iazko ekainarekin alderatuz
Ondorioak ateratzeko uda bukaera arte itxaron behar dela azaldu du Josu Ruiz Turismo zinegotziak
Aspagik, Gipuzkoako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteak, emandako datuen arabera, %84,65ra iritsi da hiriko hoteletako okupazioa ekainean. Iazko datuekin alderatuz, 3,84 puntu egin du gora. Hiru, lau eta bost izarretako hoteletan okupazioa %85,51koa izan da, Aspagik aditzera eman duenez; iaz baino %4,47 handiagoa. Eustatek, berriz, datu apalxeagoak eman ditu. Okupazioa iazko ekainekoa baino hiru puntu handiagoa dela jakinarazi du. Igarotako gau kopuruak eta batez besteko egonaldiak mantendu dira eta, oro har, hirira etorritako bisitari kopuruak %2 egin duela behera zehaztu du Euskal Estatistika Erakundeak.
Josu Ruiz Turismo zinegotziak datuok «krisiari aurre egiteko gai» garen seinale direla adierazi du. Dena den, «zuhur» agertu da eta uda «oso luzea» dela ohartarazi du. «Udako denboraldia bukatu arte itxaron beharko da etorkizunari begira ondorioak ateratzeko», esan du.


