Udalak 111 bizikleta bidaliko ditu Tindufeko errefuxiatu guneetara
Bigarren Hezkuntzako ikasleek eskolara hiru ordu laurden lehenago heltzeko aukera izango dute
Lapurtu edo hiri altzariren batean jaso gabe utzi dituzten bizikleten artean, aurten 140 bat bizikleta gorde dituzte Atotxako biltegian. Udaleko web atarian galdutako objektuak identifikatzeko prestatu duten tresnari esker, askok galdutzat zuten bizikleta berreskuratu dute. Beste bizikleta asko, ordea, jaberik gabe geratu dira biltegian ahazturik. Ibilgailu horiek txatar bihurtu baino, erabilera hobea ematea erabaki du Donostiako Udalak. Matxura guztiak konpondu eta txukun utzi ostean, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu guneetara bidaliko dituzte 111 bizikleta.
3.000 bizikleta Sahararako proiektuaren baitan garatu duten ekimena da. Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak Ausserd kanpamenduko haur eta gazteentzat 200 bizikleta lortzeko erronka jarri zuten abian 2009an. 206 bizikleta lortu zituzten eta 8.000 euro batu zituzten sendagaiak eskuratzeko. Izan zuen arrakasta medio, saharar errefuxiatu guneetako Bigarren Hezkuntzako ikasle bakoitzarentzat bizikleta bat lortzea dute orain jomuga. Sidi Baba Fronte Polisarioko ordezkariak azaldu duenez, gaztetxoek ia hiru kilometroko ibilbidea dute eskolara iristeko. Bizikleta gainean hiru ordu laurden gutxiago beharko dute. Era horretan, eguerdian etxera bazkaltzera joateko aukera izango lukete, arratsaldera arte eskolan geratu beharrean. Donostiak gazte horien bizi kalitatea hobetzeko 111 bizikletaz osatutako alea jarri du. Hiru mila lortzeko bidea oraindik luze xamarra izango den arren, Sidi Babak egindako ahalegina eskertu du.
Ikastaroak
Errefuxiatu guneetako gaztetxoei ez ezik, ekimen honek bertako beste hainbat herritar laguntzeko ere balio izan du. Izan ere, bizikletak konpondu eta txukun uzteko hainbat ikastaroak antolatu dituzte Erroak Sartu elkarteak eta Donostiako Ijitoen Idazkaritza Nagusia Fundazioak.
Concha Clavero Erroak Sartu elkarteko kideak ikastaro horietan parte hartzea zein baliagarri izan den azpimarratu du, lanbide berri batean trebatzeko aukera eskaini dielako. Besteak beste, gizarteratzeko arazoak dituzten herritarrentzat eta Martuteneko hainbat presorentzat egin dituzte ikastaroak.
Eginbehar horretan 2010eko irailean hasi ziren eta urteotan 430 bizikleta izan dituzte esku artean. Horietatik 291 inguru konpondu dituzte. Iaz, esaterako, 164 bizikleta bidali zituzten Benin eta Kubara. Konpondu ezin dituzten bizikletetatik baliagarriak diren piezak atera dituzte eta gainerakoa txatarretara bota dute. Aurten urtarriletik uztaila bitartean egin dute ikastaroa eta 17 lagunek hartu dute parte.
Ijitoen Idazkaritza Nagusia Fundazioak antolatu duen ikastaroan bost lagunek hartu dute parte eta sei bizikleta konpondu dituzte. Lortutako emaitzarekin pozik dago Carmen Pinedo fundazioako kidea, lanbide bat ikastearekin batera, lan egiteko beharrezkoak diren beste ezaugarri batzuk –egunero hutsik egin gabe joatea eta puntualitatea, kasu– barneratu dituztelako parte hartu duten gazteek.
