Fiskaltzak Josetxo Ibazeta salatu du, "terrorismoa goratu" duelakoan
Juan Karlos Izagirre alkatearen idazkari ohi Josetxo Ibazetaren aurkako salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, “terrorismoa” goratu duelakoan. Salaketaren arabera, mehatxuak eta “terrorismoaren gorazarrea” egin zituen akusatuak Espainiako selekzioaren jarraitzaile batzuekin Donostian izandako liskar batean.
El Mundo-k argitaratu zuen bideo batean Ibazetak Espainiak Eurokopa irabazi izana ospatzen ari ziren zale batzuekin izan zuen tirabira ikusten da. Fiskaltzaren arabera, Ibazetak “Gora ETA militarra!” oihukatu zuen, eta zaleak eskuin hatzaz seinalatu eta bi tiro emango zizkiela mehatxu egin zien.
Ibazetak dimisioa aurkeztu zuen gertakariaren berri izan zenean, eta gertaera Bilduren aurkako kanpaina politikoa egiteko ez erabiltzeko eskatu zuen. Juan Karlos Izagirre alkateak haren jokabidea gaitzetsi eta “erabat onartezintzat” jo zuen.
Erlazionatutako edukiaAlkatearen idazkariak dimisioa eman du