Tradizioaren biltokia
Santiago mende askotan Gipuzkoako patroia izan zen. Galdu den aspaldiko harreman hori ezagutarazteko, aztarna historikoen berri ematen duen erakusketa jarri dute Amaran.
Gipuzkoak eta Santiagok antzinatik duten lotura berreskuratzea –edo hein batean bada ere ezagutaraztea– da Pablo Garcia Azpillagaren nahia. Xede horri urte luzeak eta bizitzaren zati handi baten ahaleginak eskaini dizkio. Artxibategietan, liburu eta dokumentu zaharretan… Han eta hemen aritu da santuak lur hautean utzitako aztarna bilatzen. Denbora ez da gelditzen –”50 urte inguru igaro dira, eta gazteago gara egunero, badakizu…” dio ironiaz–, eta “berandu baino lehen” ezagutarazi nahi izan du egindako lanaren emaitza. Horregatik, Amara kaleko Mundo Nuevo elkartearen egoitzan Santiago eta Gipuzkoa erakusketa prestatu dute. Igandea arte ikusteko aukera izango da, eta gaur, Santiago eguna izanik, bestelako jarduerak ere egingo dituzte.
1950 inguruan, Manuel Lekuonak bi egitekoren ardura eman zion Garcia Azpillagari: Santiago oroituko zuen eliza eraiki eta gidatzea; eta santuak Gipuzkoarekin izandako lotura bilduko zuen erakusketa osatzea. Hamarkada askotan jardun ondoren, argazki eta informazio ugarirekin bete ditu panelak, Lekuonak eskatu bezala. “Mende askotan Gipuzkoako patroia izan zen Santiago, baina dokumentu asko galdu dira, eta tradizioa ere desagertzen ari da”, dio apaizak.
Ikerketa lan oparoa gauzatzeko erabilitako liburuetako batzuk eskuragarri jarri ditu erakusketan. Horien artean, Santiago de Compostelako katedraletik ostu, eta berreskuratu berri duten Codex Calixtinus-aren faksimile bat ikusteko aukera dago. Garcia Azpillagak dionez, askok uste dutenaren kontra, “baskoiak astakirtenak eta inmoralak zirela dio egileak, baina Pirinioearen beste aldekoez eta nafarrez ari da, ez gipuzkoarrez”. Horren ondoan, beste liburu bat ere nabarmendu du apaizak: Asturiasko errege Alfonso II.aren testamentuaren faximila, hain zuzen. “Honen ama, Munia, Aretxabaleta ingurukoa zen. Haurra zela Alfonso Gipuzkoara etorri zen bizitzera. Bertan, Santiagorekiko debozioa buruan sartu zioten. Santuaren hilobia aurkitu aurretik gurtzen zuten Gipuzkoan; eta hemendik ibili zela dio tradizioak”, gogoratu du.
Erromesaldiaren oroigarriak
Bi gunetan bereizi dute erakusketa. Batean, tradizioaren aztarnak bildu dituzte; bestean, Mundo Nuevo elkartearen oroigarriak. Alor historikoari dagokionez, Gipuzkoan 50 elizatik gora izan ziren santu honen omenez, baina hauetako gehienak galdu egin dira. Hauen kokapenarekin batera, zutik jarraitzen duten hamahiruen argazkia jarri dute. Horietako bat, noski, Amarakoa da. Hala ere, hiria zeharkatzen duten erromes asko ez dira Amara kaletik igarotzen. Gida batzuetan agertzen da, baina beste batzuetan ez. “Atzerritarrek gehiago prestatzen dute bidea, mugarriak eta oroitarriak ikusi nahi dituzte, horiek dira hemendik pasatzen direnak”, argitu du Garcia Azpillagak. Tenpluekin batera, Santiagoren irudiak, margolanak… ere ageri dira argazkietan. Horiekin batera, Jondoni Jakuerekin lotura duten zeinuak dituzten 80 bat abizenen armarriak; Santiagoren orden militarreko kide izandako gipuzkoarren zerrenda, herriz-herri… ere badira.
Beste gelan, berriz, 1971etik erromes joan diren hainbat taldeen argazkiak jarri dituzte. Urtero joaten dira, nahiz eta ez duten bide osoa egiten. Aurten, esaterako, igandean abiatuko dira. Bidaia horietako oroigarriak eta opariak dozenaka dituzte, eta horietako batzuekin bete dute mahai bat. Santuaren irudia ez da falta, ezta erromes makila edo kapela ere.



