Ben Affleck 'Argo' filma aurkeztera etorriko da Zinemaldira
AEBetako aktorea thriller honen zuzendaria eta protagonista da; lehiaketaz kanpo aurkeztuko du
Ben Affleck aktorea Donostian izango da. Zinemaldira etorriko da Argo filma aurkeztera. Zuzendari eta aktore gisa etorriko da. Affleckek zuzentzen duen hirugarren filma baita hau; eta protagonistetako bat da. Argo benetako istorio batean oinarrituta dago: 1979ko Irango Iraultzan, iraultzaileek AEBen Teherango enbaxada eraso zuten, eta AEBko 52 herritar hartu zituzten preso. Horietako seik ihes egin zuten, eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu zuten. CIAk aberriratu egin behar zituen, Irango agintariek ezer jakin gabe; horretarako, arrisku handiko operazio sekretua antolatu beharrean zeuden. Toni Mendez agenteak presoak bizirik ateratzeko plan arriskutsu bat asmatu zuen; ideia sinestezina zen, film batean baino ezin zitekeen ondo atera. Filmean kontatzen diren gertakizunak ezkutuan egon dira.
Affleckek, George Clooneyk eta Grant Heslovek ekoitzi dute filma. John Goodman eta Alan Arkin aktoreek ere parte hartu dute filmean. Filma Donostian aurkezteko ekitaldian izango dira Ben Affleck, Alan Arkin eta John Goodman.
Antolatzaileek atzo jakinarazi zuten Richard Gere eta Susan Sarandon aktoreek emango diotela hasiera Donostiako Zinemaldiaren 60. edizioari. Bi aktoreak protagonista dituen ‘Arbitrage’ filma aurkeztuko dute Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian. Ezaguna da Zinemaldia bi aktoreentzat, etxean baitute jada Donostia saria; Richard Gerek 2007an jaso zuen eta Susan Sarandonek 1995ean.