Emakume bat atxilotu dute Kontxako zenbait bainulariri lapurtzeagatik
Emakume bat atxilotu dute Donostian, Kontxako hondartzako bainulari batzuei lapurtu dielakoan. Haien eskuko poltsetatik zenbait objektu lapurtu izana egotzi diote, Barne Sailaren arabera. Biktima batek ustezko lapurra harrapatu zuen bere eskuko poltsan lapurtzen saiatzen, eta Ertzaintzari deitu zion. Ondoren, beste pertsona batzuek ere poliziengana jo zuten, beste lapurreta batzuk salatzeko. Eguerdi aldera izan ziren lapurretak, atzo. Ustezko lapurra Zubieta kalean atzeman zuten, Kontxako pasealekutik gertu. Barne Sailaren arabera, emakumeak sakeleko telefono ugari zituen; baita eguzki betaurreko pare bat eta argazki kamera bat ere.