Miramongo enpresak lotzen dituen autobusak bidaiari kopurua bikoiztu du
Maiatzean, zerbitzua abian jarri zenean, 25 bat bidaiari zebiltzan egunero; uztailean, 50 inguru zenbatu dituzte
Miramongo teknologia parkeko enpresetara heltzen den autobus zerbitzua ari da pixkanaka bertako langile eta erabiltzaileen artean harrera hobea izaten. Autoa etxean utzi eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz jarri dute Donostiabusek eta Miramongo Teknologia Parkeak probazko zerbitzua abian, eta uztailaren 18tik aurrera bidaiari kopurua bikoiztu du.
Maiatzaren 7an abiatu zen lehenengo aldiz autobusa Poliklinikatik eta ia hutsik egin zituen lehenengo bidaiak. Hastapenetan, egunero 20-25 bat bidaiari ibili direla jakinarazi dio Donostiabusek Irutxuloko Hitzari. Uztailaren 18tik aurrera, ordea, jauzia nabaritu dute, bidaiari kopurua bikoiztu egin delako. Azken egunetan zerbitzu berrian batez beste 50 bidaiari ibili direla zehaztu du autobus konpainiak.
Gorakada horretan uztailaren 9an ezarritako aldaketek eragina izan dute. Hasiera batean autobusa Poliklinikatik ateratzen bazen, orain, Miramonetik egiten du.
Zerbitzuaren maiztasuna, gainera, 15 minutukoa izan beharrean, 6-8 minutukoa da. Goizean, 7:50-10:04 artean, sei minuturo ateratzen dira autobusak Miramondik Arbide Dorre aldera. Arratsaldean, 14:17tik 16:02ak artean, 7-8 minuturo dabil autobusa. Ordutegi horiek, halere, ez dira hertsiki betetzen, 28 eta 31 linietako autobusak noiz iritsiko zain egoten baitira. Era horretan, linea horietatik jaitsitako bidariak zain egon gabe sar daitezke autobusean.
Teknologia parkea zeharkatzen duen zerbitzuak, dena den, azken egunak ditu, abuztuan eten egingo dutelako zerbitzua. Irailean ekingo diote berriz.
Gurpil aulkian dabiltzanen beharretara egokitzen diren autobusak ditu hiriak
Eroski Consumer aldizkariak, gurpil aulkian dabilen erabiltzaile baten laguntzaz, Espainiako 18 hiriburutako autobus eta markesinen egokitasuna neurtu du. Donostiabuseko autobusek kalifikaziorik onena eskuratu dute. Aulkiek autobusetan duten lekua, geltokietako irisgarritasuna, autobusek duten maldaxkaren funtzionamendua, lurzorutik hurbilago egoteko autobusek hartzen duten inklinazioa eta ordaintzeko makinetara heltzeko erraztasuna txalotu dituzte, besteak beste. Hiriak, oro har, eroso ibiltzeko baldintzak eskaintzen dituela eta, Valladolid eta Iruñearekin batera, kale eta espaloietan trabarik gutxien dituzten hiriak direla azpimarratu dute.


