PSE-EEk eta PPk osoko bilkuratik alde egin dute
Hirian eskegita dauden kartel eta pankarten inguruan eztabaidan ari zirela zalaparta piztu da udalbatzarrean
PSE-EEk hirian jartzen diren pankarta eta kartelen inguruan aurkeztutako erakunde adierazpena aurkeztu du gaur udalbatzarrean. Egoera politikoaren ondorioz, urtetan mehatxupean bizi izan direla azaldu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Maria Jose Usandizaga PPko zinegotziari eta Gascori berari etxera mehatxuka joan zirela azaltzen ari zen bitartean, Denis Itxaso zinegotzi sozialistak udalbatzarra eten egin du. Alkateari adierazi dio Nerea Txapartegi Bilduko ordezkariaren ahotik entzun duela “por algo sera [zerbaitengatik izango da]”. Alkateak horrelakorik ez duela entzun adierazi du. Gascok esandakoa erretiratu ezean aretoa utziko dutela esan du.
Zalaparta berehala piztu da udalbatzarrean. PSE-EEko zinegotziak eserlekuetatik altxa eta aretotik alde egin dute. PPko ordezkariek gertatutakoa argitzeko eskatu dute, eta Nerea Txapartegiren azalpenen zain geratu dira. Txapartegik berak halakorik ez duela esan ziurtatu du, eta horrelako irain bat jasotzea iraintzat jo du. Une horretan ez zuela hitzik eta ez duela hitz egin esan du.
Udalbatzarra bukatu aurretik ere horrelakorik ez duela esan Bilduko ordezkariak: “Ez dut halakorik esan, eta ez dut halakorik onartzen. Denok ezagutzen nauzue. Beti egiten dut euskaraz. Berak nire ezpainetan irakurri badu hori, ez dakit. Nik behintzat ez dut halakorik esan”. PSE-EE eta PPko bozeramaileek, gainera, eskutitz bat igorri diote ordezkariari, esandakoa berehala zuzentzeko exijitzeko. Bestela, kargua uztera bultzatuko dutela ohartarazi zuten.
Alkatearen ustez, PP eta PSE-EEren jarrera “lekuz kanpo” egon da: eta “arduragabetzat” jo du haiek osoko bilkuratik alde egin izana: “Zerbait argitzekotan hemen argitu beharra zegoen”.