Su artifizialen lehiaketak Viktoria Eugenia Antzokia zorionduko du
49. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako kartela, Groseko Carmen Ubagok egin du.
Su Artifizialen 49. Nazioarteko Lehiaketako egitaraua eta kartela aurkeztu dituzte, goizean, Viktoria Eugenia Antzokiaren atarian. Gune hau aukeratu dute agerraldirako, antzokiari eskainitako ikuskizun berezia egingo baitute. Izan ere, Aste Nagusia amaitzeko, abuztuaren 18an, Arabako Valecea su etxeak ikuskizun piromusikala egingo baitu antzoki aurrean. Musikak lagunduta, Viktoria Eugeniaren ibilbideko irudiak proiektatuko dituzte: Aida operaren emanaldia, Donostiako Orfeoi lirikoaren debuta… Mikel Laboa ere oroituko dute Txoria txori eta Baga biga kantekin.Hori azken egunean eta lehiaketatik kanpo izango da. Aurretik su etxe “onenak” ikusteko aukera izango dela adierazi du Nerea Txapartegik udaleko kultura delegatuak.
Bestalde, aurtengo lehiaketako kartela ere aurkeztu dute. Egilea Groseko Carrmen Ubago da. 2005an Aste Nagusiko kartel irabazlea egin zuen. Suzko lorea irudi pirotekniko japoniarra aukeratu du ikur gisa. Eskuan margotu eta horri egindako argazkia da kartelean ikusten dena.
