Zinemaldira itzuliko dira Richard Gere eta Susan Sarandon aktoreak
‘Arbitrage’ izango da 60. jaialdiaren Sail Ofizialari irekiera emango dion filma, irailaren 21ean
Donostiako 60. Zinemaldia irailaren 21etik 29an izango da, eta Arbitrage filmaren Europako estreinaldia izango da Sail Ofizialari irekiera emango dioena. Richard Gere (Filadelfia, 1949) eta Susan Sarandon (New York, 1946) aktoreak dira filmeko protagonistak, eta biak berriro ere Donostiara etorriko direla baieztatu zuen atzo Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak. Hollywoodeko bi izar handi dira Gere eta Sarandon, eta biak Donostia Saria jaso dutenen artean daude. Gerek 2007ko 55. Zinemaldian jaso zuen saria, eta Sarandonek 1995eko 43. ekitaldian. «Nik ez nuke oraindik irekieraren berri emango, hilabete barru esango nuke; baina gaur egun, ez badugu guk esaten, atera egingo da sare sozialen bidez. Hala ere, arriskua dugu, agian jaialdirako 20 egun falta direnean ezin badu Richard Gerek etorri… baina hori jolasaren parte da eta arriskatu beharra dago», azaldu zuen Rebordinosek atzoko agerraldian.
Zehazki, Richard Gere Carey Lowellekin izan zen hirian, bere emaztea; eta Donostia Saria jasotzerakoan belaunikatu egin zen. «Oso gogoko dugun filma izateaz gain, finantza munduen goi mailetan girotutako thrillera da, eta gaur egun hainbat bankurekin gertatzen ari dena oso ongi islatzen du. Gainera, guretzako zerbait zoragarria du, Richard Gere eta Susan Sarandon direla pertsonaia nagusiak; biak ere Donostia Saria jasotakoak. Beraz, zer politagoa 60. edizioa bi Donostia Sarirekin zabaltzea baino», gehitu zuen Rebordinosek. Gainera, Rebordinosek ez du zalantzarik bi aktoreen fideltasunaz. «Bai Richard Gere, bai Susan Sarandon, Zinemaldiaren enbaxadore zoragarriak izan dira. Hollywoodeko euren lagunei oso ongi hitz egin diete Donostiari eta Zinemaldiari buruz. Gainera, Richard Gere bereziki oso pozik geratu zen bertako jendearekin eta ikusleekin. Badakigu Donostiako ikusleak ezagutu dituen eskuzabalenak direla esaten dabilela».
Bizitza perfektua zuen gizona
Maitasunari eta leialtasunari buruzko thriller estu eta seduktore bezala azaldu dute Arbitrage. Bi aktore protagonistez gain, Laetitia Casta, Tim Roth, Brit Marling eta Nate Parker ere ageri dira filmean. Robert Miller magnatearen larruan ageri da Gere filmean. Arrakasta amerikarraren erretratu perfektua dirudi, 60 urte betetzeko zorian dagoela. Sarandonek Ellen emazte fidelaren rola betetzen du, eta Millerek beti ondoan izango du, Brooke alabarekin batera. Dotoreziaren urrezko hormen atzean, ordea, Miller etsipenak jota egongo da, bere jabetza banku handi bati saldu nahi baitio, egindako iruzur bat estaltzeko. Gainera, maitasun istorio bat bizi du arte-merkatari frantses batekin. Halako batean, ustekabeko akats batek iraganeko hankasartzeak agerian utziko dizkio.
Arbitrage Nicholas Jareckik idatzi eta zuzendu duen lehenengo fikziozko film luzea da. 2002an argitaratu zuen best-seller batekin egin zen ezaguna: Breaking In: How 20 Film Directors Got Their Start. Jareckik, bestetik, James Tobacken Tyson dokumentala ekoitzi du, eta epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen 2008ko Cannesko zinemaldian.
Aurtengo Zinemaldiak desio ez duen lagun berri bat izango du, BEZaren igoera (Balio Erantsiaren Zerga). Hala, Rebordinosek azaldutakoaren arabera, 100.000 euroko gastu igoera ekarriko du. «Bisitak egon daitezen saiatzen ari gara, alderdi horretatik erakusgarriagoa izan dadin. Izan ere, 60. ekitaldirako ez dugu aurrekontu berezirik eta ezin dugu beste gauza handirik egin». Gainera, Zinemaldiaren datekin bat egingo du irailaren 26ko Greba Orokorrak. Zehazki, Espainiako Gobernua egiten ari den murrizketen aurkako greba deitu dute hainbat elkartek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS… tartean. Rebordinosek argi utzi du Zinemaldia ez dela gizartetik aldenduta dagoen kontu bat. Hala ere, Grebak Zinemaldian ahalik eta eragin txikiena izaten saiatuko direla aurreratu du.

