Gogotsu ari dira paella prestatzen, eta jateko irrikaz daude
Nahi baino trebezia gutxiago-hainbatetan erre du eskua ontzia heltzean- baina gogoa soberan du Jon Anderrek. Aietetik jaitsi da, bi lagunekin batera, Amarako jaietara. Easo plazan egiten ari dira hiruen lehen paella. Aurreko urteetan marmitakoa prestatu behar zuten lagun taldeek, harekin ez ziren ausartu. Paella errazagoa izango zelakoan animatu dira. “Arrozarekin ondo doazenak hartu ditugu dendan. Osagai ezkutua gordeta dugu mahai azpian, ezustekoa da” esan du gazteak barre artean. Emaitza jangarria izatea espero du gazteak, “bestela, bota, eta besteenetik jango dugu. Gosez ez gara hilko”.