Gorka Otxoa eta Barbara Goenaga 'Bypass' filmarekin izango dira Zabaltegi Bereziak sailean
Aitor Mazok eta Patxo Telleriak lau eskutara zuzendutako Bypass komedia erromantikoa estreinatuko dute Zinemaldian, Zabaltegi Bereziak sailean. Barbara Goenaga eta Gorka Otxoa aktore donostiarrak daude filmeko protagonisten artean. Xabi izeneko gaztea da pertsonaia nagusia. Hilzorian dagoen Maria lagunaren azken orduak goxatzeko, berarekin maiteminduta dagoela kontatuko dio. Ezustean, ordea, Maria sendatu egingo dela dirudi; eta Xabik plantak egiten jarraitu beharko du.
Sail berean, Fermin Muguruzak Zuloak dokumentala aurkeztuko du. Emakumez osatutako Zuloak rock taldearen ibilbidearen jarraipena egin du. Aritz Moreno zinemagile donostiarra aritu da filmatze lanetan. Protagonisten artean ere beste donostiar bat izango da, The Dispositives taldeko Maitane Maibass.
Julio Medemen lan bat ere izango da ikusgai Zabaltegi Bereziak sailean. Beste sei zinemagilerekin batera, Habanaren erretratua egin du film luze batean: 7 dias en La Habana. Benicio del Toro, Pablo Trapero, Elia Suleiman, Gaspar Noe, Juan Carlos Tabio eta Laurent Cantet zuzendariek ere parte hartu dute proiektu honetan. Sortzaile bakoitzak kapitulu bana egin du.