
Euskal pilota irakatsi eta honekiko zaletasuna zabaltzen 23 urte daramatza Alde Zaharra Kirol Elkarteak. Iñaki Fernandez pilota saileko arduradunaren iritziz, halakoek laguntzen dute pilotazaletasuna pizten. “Frontoi publiko bizi bat da bide naturalena. Lehen gurasoek haurra entretenitu nahi bazuten, frontoira eraman eta pilotan irakasten zioten”. Besteak jolasean ikustea bide egokiena omen da Fernandezen ustez. “Besteak pilotan ikusiz zaletzen dira. Eurak ondo moldatzen ez badira ere, antzera dabiltzanak daudela ikusten dute; bakoitzak bere borroka eta gainditzeko zailtasunak dituela”. Ostirala arte, pilota ikastaroa zuzenduko du goizero Fernandezek, Trinitate plazan.