
Erregistrotik igaro behar dute abordatzean parte hartuko duten talde guztiek. Beharrezko lehenengo geltokia da, eta Kaiko sarreran dago, Portaletatik gertu. Bertan, antolatzaileei iritsi direla jakinarazten diete partaideek, eta euren txandari dagokion koloretako pultserak jaso behar dituzte; berdeak, horiak, txuriak edo laranjak. Aurreko urteetan, baltsetako arduradunek bakarrik jantzi behar zituzten pultserak; aurten, ordea, partaide bakoitzak berea eraman behar du.
Erregistrotik igarotzean, euren zalantzak argitzen dituzte piratek, beti izaten baita zer galdetu. Bazkarirako txartelengatik galdetzen ari dira asko eta asko, eta oraindik txartelak geratzen direla jakin du Irutxuloko Hitzak.