Granadatik Donostiara, badia argitzeko helburuarekin
Esteban Martin su etxeak argitu zuen atzo Kontxako badia, Aste Nagusiko Su Artifizialen 49. Nazioarteko Lehiaketaren hirugarren saioan. Granadako piroteknia 1895. urtean jaio zen, egungo gerentearen birraitona Jose Martin Alvarillak sortuta.
Belaunaldiz belaunaldi mantendu dute bizirik enpresa. Hala, 1991. urtean, Esteban Martin Tapiak hartu zuen lekukoa; laugarren belaunaldia, hain justu. Honek modernizazio eta aurrerapen prozesu garrantzitsua jarri zuen abian, baina beti ere tradizioa errespetatuz. Iaz Bilboko eta Gasteizko jaialdietan parte hartu zuten. Donostiako Udalak hiriko lehiaketan parte hartzeko erronkari eutsi izana eskertu dio su etxeari. Izan ere, duela gutxi istripu larria sufritu zuen pirotekniak, hain zuzen Donostiarako suak prestatzen ari zirenean.


