
Aste Nagusian parte hartzen ari diren eragileei egindako harrera baliatu du Juan Karlos Izagirre alkateak jaien hasieraren balantzea egiteko. Bertan ezusteko ezbeharrik gertatu ez izana, mota guztietako ekitaldiak izaten ari diren publikoaren erantzun ona eta Donostiako Piraten hamargarren urteurrena nabarmendu ditu udal agintariak.
Jaietako lehen egunetan ezbeharrik gertatu ez izana “poztekoa” dela adierazi du Izagirrek, eta horrela izaten jarraitzeko desioa berretsi du komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan. Era berean, donostiarrak jaietan parte hartzen ari direla nabarmendu du alkateak, eta horren adibide jarri ditu hainbat ekitaldi; besteak beste, su artifizialak, Sagueseko kontzertuak eta atzoko Piraten Abordatzera! ekitaldia.
Hain zuzen ere, alkateak Donostiako Piratak kolektiboaren 10. urteurrena ere izan du izpide bere balantzean. Atzoko Abordatzera ekitaldian izandako parte hartzearen kopurua ez ezik, bertaratutakoen jarrera ere nabarmendu du. Bestalde, alkateak PP eta PSE-EEko ordezkariak eragileei egindako harreran parte hartu ez izanaren inguruan ez du adierazpenik egin nahi izan.