Javier Aramendiak eta Adrian Palomaresek eguneko ihesaldia egitea lortu dute
Donostiako Klasikoa aurrera doa, bero handiarekin, 30 gradu inguru egiten baitu. Eguneko ihesaldia egitea lortu dute dagoeneko, lehen ordu azkar baten ondoren; 45 kilometro bete dituzte lehen orduan, Orioko eta Garateko gainak igo dituzten arren. Hain zuzen ere, azken mendate hori jaisten ekin diote erasoari Javier Aramendiak (Caja Rural) eta Adrian Palomaresek (Andalucia). Gogor jo dute, tropelari 11 minutu eta 40 segundoko aldea ateratzen baitzioten 75 kilometroan. Hala ere, kilometro batzuk geroago ia hiru minutu jan dizkie tropelak iheslariei, lasterketa kontrolpean izan nahi duenaren seinale. Alde horrekin, dena den, denbora luzez jarraituko dute lasterketaren buru Aramendiak eta Palomaresek.

