Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean kateatu dira, gaixo dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko
Aste Nagusian ez da dena jai giroa; era berean, protesta egiteko egunak dira. Hain zuzen ere, Iosu Uribetxeberriaren egoera salatu eta gaixo dauden gainontzeko presoen askatasuna aldarrikatzeko, hainbat herritarrek ekintza bat egin dute Espainiako Gobernuak Amaran duen ordezkaritzaren aurrean. Arratsaldean, 17:00ak pasata, egoitzak horrek duen hesiari katez lotu zaizkio bi ekintzaile. Haiekin batera, 60 bat lagun elkartu dira afixekin, gaixo dauden presoek kalean egon beharko luketele exijitzeko.
Ordu erdi igaro ostean, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren bina furgoi bertaratu dira eta, 18:15ean, kateak mozteko gailua baliatuz, bi kateak moztu dituzte. Ekintzaileek lepoari loturik zuten katea, eta horrek ertzainen lana zaildu egin du. Azkenean, kateak kendu eta identifikatu ostean, atxilotuta eraman dituzte bi lagunak. Elkarretaratzean parte hartzen ari ziren bi kide ere identifikatu ditu Ertzaintzak. Bertan gertatzen ari zenaz argazkiak ateratzea debekatu diote bertan zen argazkilari bati.


