Morlanseko hildakoak oroitu dituzte Urgullen
Hogeita bat urte igaro dira 1991ko abuztuaren 17an Guardia Zibilak Iñaki Ormaetxea, Jokin Leunda eta Patxi Itziar Morlansen tirokatuta hil zituenetik. Hori dela eta, omenaldia eskaini zien herritar talde batek Ugullen, atzo arratsaldean.
Txalapartak eman zion hasiera ekitaldiari, eta ondoren, bertsoen txanda izan zen. Horren ostean, txalo artean jaso zituzten hildakoen senideak, eta aurreskua dantzatu zieten bi dantzarik. Ezker abertzaleko kide batek ere hartu zuen hitza, eta duela hogeita bat urteetako gertakariak oinarri hartuta, egungo egoera politikoaren azterketa egin zuen. “Gatazka armatua gainditzeari begira, urteetan eragindako sufrimenduei, gatazkaren ondorioei, erreparatzea ezinbestekoa da”, aipazu zuen ezker abertzaleko kideak. “Eragile batzuek, ETA barne, eragindako mina aitortzen duten bitartean, herri honetan eragin diren beste hamaika sufrimenduk ezkutuan jarraitzen dute. Estatuek ez dute beraiek eragindako mina aitortzen eta Morlanseko kasuan bezala, gezurra baliatzen dute beraien ardura ekiditeko”, jarraitu zuen. Horregatik, garrantzia handikotzat jo zuten memoria historikoa lantzeko herritarrek duten ardura.


