
Valentziako Pirofantasia etxeak irabazi du Urrezko Maskorra. Hala, su Artifizialen Nazioarteko 49. Lehiaketako garaile izendatu dute asteazken gaueko ikuskizuna. Nerea Txapartegi udaleko Kultura ordezkariaren eskuetatik jaso du etxeko ordezkariak saria. Kolore “berezi eta zailek”, espazioaren erabilera zabalak, soinu etengabeak, eta “bukaera ezinhobeak” garaile egin ditu valentziarrak.
Zilarrezko Maskorra Italiako Lieto Fireworksi eman diote. Igandeko bildumaren “estilo napolitarra” eta “kalitate handiko material eta efektua” aipatu dituzte saria arrazoitzeko. Brontzezko maskorra, berriz, Frantziako Intermedek jaso du. Asteartean ikusgai izan ziren suen “dotorezia” eta “berezko firma artistikoa” nabarmendu dute epaileek.
Halaber, gazte epaimahaiak jakinarazi du lehiaketan parte hartu duen azken su etxea, Caballer FX, izan dela bere ustez badian onena.
Orokorrean, partaideen maila handia nabarmendu du Nerea Txapartegik. “Gau bakoitza desberdina izan da, su etxe bakoitzak bere estiloa mantendu baitu”. Kolorea, hotsa, formak, irudiak, erritmoa, betetzea, sortzen duen zirrara eta ikuskizuna bera kontuan hartu dute epaileek.