Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Uribetxebarria aske uzteko gaur bertan Donostiatik ateratzekoa den martxa
Josu Uribetxebarria eta gaixo larri dauden beste hamahiru presoak aske uzteko eskatu nahi zuen ibilaldiak
Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin du Uribetxebarria aske uzteko gaur bertan Donostiako ospitaletik ateratzekoa den martxa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoak berak jakinarazi zuen atzo gauean Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari bidalitako agindua. Hamalau pertsona ezagunek egin zuten martxarako deia, tartean Txaro Arteagak, Joan Mari Irigoienek, Inaxio Kortabarriak, Martxelo Otamendik, Andoni Egañak eta Ramon Labaienek. Atzo, luzatu egin zen deialdiarekin bat egiten dutenen zerrenda. Haien artean daude Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Aritz Lasa pilotaria, Castillo Suarez idazlea, Galder Perez aktorea, Iratxe Ibarra bertsolaria, Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea, Paco Letamendia parlamentari ohi eta irakaslea eta Rafa Rueda musikaria.
Lau egun eta lau etapatan egin nahi dute martxa: erietxetik Arrasaterainoko bidea. Gaur Zarautzeraino joatekoak ziren, bihar Debaraino, ostiralean Soraluzera, eta larunbatean Soraluzetik Arrasatera. Ibilbide horrekin, Uribetxebarriak egin beharreko bidea irudikatu nahi dute antolatzaileek; alegia, erietxetik etxerakoa.
Bestalde, Donostiako Ospitalearen aurrean gaixo eta larri dauden gainerako hamahiru presoak aske uzteko eskatzeko, gose greban jarraitzen dute 31 lagunek, eta etengabea da elkarretaratze iraunkorrari batzera doan jendearen joan-etorria.


