Txapeldunei harrera txuri-urdina egin diete
Realeko jokalariek autobusean eta zaleen berotasunarekin egin dute Anoetatik Alderdi Ederrera bitarteko bidea.
Realeko jokalariak eta lan taldeko kideak, udaletxe aurrean.Joseba Parron San Sebastian Sevillatik Donostiara 916 kilometro daude. Anoeta futbol zelaitik Alderdi Ederrera, berriz, 2,8 kilometro eskas. Distantziarik ez da Realak apirilaren 18an irabazitako Espainiako Koparen ospakizunarekin jarraitzeko. Bi egun geroago, jendetzak egin dio harrera txapeldunari, Donostian.
Bide txuri-urdina Anoetan abiatu dute, Realeko jokalarien zein lan taldearen autobusek. 18:00etan ezarri zuten irteera, eta minutu batzuk geroago mugitu dira. Kalez kale, realzale askoren berotasuna jaso dute, txapeldunei harrera egiteko milaka lagun elkartu direlako bide bazter guztietan. Jokalariek kantuka, jauzika, makurtuz, oihukatuz eta gozatuz egin dute ibilbide txuri-urdina, Alderdi Ederrera iritsi diren arte. Ordubete inguru behar izan dute irteeratik helmugara ailegatzeko.
Udaletxeko pareko festa lau aurkezlek girotu dute protagonistak iritsi aurretik, eta Alderdi Ederreko lorategiak txuri-urdinez mukuru zeuden. Haurren danborrada batek iragarri du txapeldunen etorrera, eta autobusak udaletxearen ondoan geratu dira. Mikel Oiartzabal kapitaina eta Aritz Elustondo bozeramailea arduratu dira kopa jaisteaz, eta udaletxera eramateaz. Atzetik abiatu dira gainerako jokalariak eta lan taldeko kideak; tartean, Pellegrino Matarazzo entrenatzailea, Jokin Aperribai presidentea eta Erik Bretos kirol zuzendaria.
Zaleen aurrean jarritako pasabidetik joan dira udaletxe aurreko eskaileretara, agintari politikoekin elkartu dira —esaterako, Jon Insausti alkatearekin eta Imanol Pradales lehendakariarekin—, eta han agurra eskaini diete bi dantzarik. Jarraian, udaletxeko balkoira igo dira, eta Oiartzabal arduratu da kopa donostiarrei eta gipuzkoarrei eskaintzeaz. Euskara hutsean aritu da, eta antzera aritu dira beste hiru. Elustondo, Unai Marrero eta… Matarazzo. Teknikari estatubatuarrak euskaraz idatzitako mezu bat irakurri du, askoren harridura pozgarrirako.
Festak beheko oholtzan jarraitu du, eta behar baino gehiago luzatu da. Elustondo jokalari guztiak banan-banan aurkeztu ditu, eta denbora asko behar izan du horretarako. Aurkezpen horiek, gaztelaniaz egin ditu ia bere osotasunean. Txisturen bat entzun da, haren ahotsa entzuten ez zelakoan megafoniatik, baina baliteke hizkuntza hautuarekin lotura izatea. Kontuak kontu, Txoria txori abestiarekin bukatu da Alderdi Ederreko festa, Sune musikariaren soinu txikiaren laguntzarekin. Egiari zor, irribarre txuri-urdin batekin erretiratu dira asko etxera.
Harreraren irudi bilduma osatu dute Joseba Parron San Sebastian eta Asier Gonzalez de San Pedro argazkilariek:
