Ewan McGregor aktoreari emango diote Zinemaldiko Donostia Saria
Oliver Stonek Zinemaldiaren 60. urtemugako Donostia Saria berezia jasoko duela jakinarazi zuten herenegun. Bada atzo, urtero banatzen duten Donostia Saria nori emango dioten iragarri zuten. Hain zuzen ere, Ewan McGregor aktoreak jasoko du irailaren 27an, Kursaalen egingo duten ekitaldian. The Impossible filma aurkeztuko du Donostian. Naomi Wattsekin bat egin du pelikula horretan.
McGregor Eskoziako Perth hirian jaio zen, eta bere ibilbide osoan zehar rol ausartak eta indarrez beteriko pertsonaiak aukeratzeagatik nabarmendu da; ospea eman zion Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting filmeko Mark Renton heroinazaletik hasita, Star Wars saga ezaguneko Obi-Wan Kenobi ospetsura, edo Nicole Kidmanekin Moulin Rouge musikalean eginiko rolera.
Hamaika film
Hona hemen egin dituen filmetako batzuk: Roman Polanski zuzendariaren The Ghost Writer, Pierce Brosnan aktorearekin batera; Ron Howard zuzendariaren Angels and Demons, Tom Hanksekin batera; Jim Carrey aktorea protagonistakide duen I Love You Phillip Morris komedia; Michelle Williams eta Hugh Jackman aktoreekin eginiko Deception; Woody Allenen Cassandra’s Dream; Hilary Swank eta Richard Gererekin eginiko Amelia; Michael Bay zuzendariaren The Island, Scarlett Johanssonekin; Tim Burtonen Big Fish, zeinetan Albert Finney, Jessica Lange eta Danny DeVitorekin egin zuen lan; Young Adam, Peter Mullan eta Tilda Swinton aktoreekin (Londreseko Kritikarien Zirkuluaren Saria irabazi zuen honekin); Black Hawk Down, Ridley Scott zuzendariarena; Michael Caine aktorearekin batera eginiko Little Voice, eta glam rock mugimenduari buruzko Velvet Goldmine, Todd Haynes zuzendariarena.
Duela gutxi Beginners filmean izan da; lanak aktore-zerrenda onenaren saria irabazi zuen 2011ko Gotham Film Awards sarietan.



