Fidel de la Serna donostiarra izan da Aquariumeko 15 milioigarren bisitaria
Erdialdeko bizilagunak bere ilobekin batera jaso du saria; harrera ustekabean harrapatu ditu hirurak.
Donostiako Aquariumeko langileak urduri zeuden atzo goizean. Egindako aurreikuspenen arabera, 11.00ak aldera, Aquariumera gerturatzen ziren bisitarien artean museoko 15 milioigarren bisitaria espero zuten. 1928. urteaz geroztik zenbatutako bisitarien artean, zenbaki biribil horri egokitu zitzaion txanda. Eta 11:20ak aldera iritsi zen. Donostiar bat izan zen, gainera; Fidel de la Serna Erdialdeko bizilaguna. Lazkaotik etorritako bere bi ilobekin, Irene eta Xabier de la Sernarekin, joan zen Aquariumera. Bertako zuzendaritzak prestatutako harrera bereziak ustekabean harrapatu zituen hirurak.
Aquariumeko langileak ez ezik, hainbat hedabidetako argazkilari eta kazetariak ere zituzten zain museoaren sarreran. Aurreskua dantzatu zioten Fidel de la Sernari, eta txapela eta zapi bat eman zizkioten. Sari potoloak jaso zituen; batetik, Aquariumeko Bocado jatetxean lau lagunentzako bazkaria lortu zuen; eta bestetik, Aquariumera bi urtez lau pertsonentzako doako sarrera ere.
Aquariumeko langileekin batera bisita berezia egiteko aukera izan zuten hirurek. Museoko langileen eguneroko lana ezagutzeko aukera izan zuten; biologia atalarena, esaterako.
Hamabost urte geroago
Hamabost urte igaro dira Aquariumek beste zenbaki biribil bat ospatu zuenetik. Orduan 10 milioigarren bisitariari harrera egin zioten. Aquariumeko langileek hunkituta ospatu zuten museoaren bisitari marka berria.
Xabier Lasaga komunikazio arduradunak azaldu zuen atzokoan museoaren historiaren parte izan diren langile guztiekin gogoratu zirela. «Goizean izango zela bagenekien, estatistikei so egin eta gero. Azkenean, gizon bat izan da, bere ilobekin. Ezustea izan da beretzat, baita guretzat ere; izan ere, atzerritar bat izateko aukera handiak zeuden udan gaudelako, eta bertako pertsona bat izan dela ikusita pozik gaude, bisitarien %70 Euskal Herrikoak baitira», erantsi zuen Lasagak.
Saria jaso zuen bisitaria, Fidel de la Serna, aho zabalik uztea lortu zuten Aquariumeko lagunek, Erdialdekoak ez baitzuen halakorik espero. «Hainbeste kamera ikusita, pertsona ezagun bat zetorrela pentsatu dut», azaldu zuen De la Sernak.

