AHTaren aurkako protesta kalejiran egingo dute igandean, Kontxako hondartzan
Andia kaletik, 11:30ean abiatuko da. Mugitu! mugimenduko kideek marmokaz jantzita egingo dute bidea.
Mugitu! desobedientzia mugimenduak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako protesta kalejiran egingo du datorren igandean, Patxi Lopez lehendakaria buru duen gobernuaren “politika xahutzaile, txikitzaile eta epe laburrekoak” salatzeko. Horretarako, marmoka mozorroak egin, eta horiek jantzita, mobilizazioa egingo dute. Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen lurralde ordezkaritzatik 11:30ean irtengo dira, eta Kontxako hondartzan barrena ibiliko dira. Mobilizazioaren buruan, ‘AHTrik Ez. TAV No’ pankarta zintzilik eramango du marmoka erraldoi hegalari batek. 09:00etan hasita, marmoka mozorroak prestatuko dituzte mobilizazioaren irteera izango den gunean.
Mugitu!ko kideek azaldu dutenez, “Barne Sailak marmoka portugaldarren arriskuaz ohartarazten gaitu; baina hemen bertan, etxean, arriskutsuagoak diren Lakuako marmokak badaudela salatuko dugu”. Izen hori jarri diete, lehen asmoa, gobernu kontseilua Miramar Jauregian egingo zutela baliatuz ekintza egitea baitzen. Politikarien agenda aldaketak, protesta bertan behera utzi beharrean, egunez aldatzea ekarri zuen.
Kalteak alor anitzetan
Lakuako Marmokek alor askotan kalteak eragiten ari direla adierazi dute mugimenduko kideek: “Euren garro pozoitsuekin lurraldea, ekonomia, lan eskubideak, eskubide zibilak, ingurumena, osasuna eta patrika kaltetzen ari dira”. Horren adibide, krisialdi betean egonda, eta gizarte arloan murrizketak ezartzen aritu den bitartean, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan AHTaren lanak azkartzeko eta ingurumenari kalteak eragiteko izan duen jarrera aipatu dute. “Euskal Y-aren kilometro bakoitzak 30 milioi euroko kostua du, hots, Hezkuntza Ertaineko 800 irakasleren parekoa”, zehaztu dute. Hala, “lurraldearen hondamenarekin batera, hezkuntza, osasuna eta kultur arloko murrizketak, eta langabezia, etxe-kanporatzeak, pobrezia eta bazterketa soziala areagotzen doaz”, gaitzetsi dute ekintzaileek.
Era berean, Donostiako Bigarren Ingurabidearen luzapena, errepide berrien eraikitzea, metroa, Zubietako errauste planta eta makroespetxea edota beste hainbat proiektu estrategiko gauzatzen Lopezen gobernua “tematuta” dagoela aipatu dute. “Jaurlaritzak abiadurari eta porlanezko obra handiei dien zaletasun amorratuagatik, kontu publikoak eta lurraldea txiki-txiki eginda utzi dizkigu bidean”. Horregatik, herritarrak parte hartzera deitu dituzte “AHTaren eta halako proiektu txikitzaileen aurkako jarrera eta desobedientziari ekiteko”.



