Igeldoko jolas-parkean argazki zaharrekin osatutako erakusketa zabaldu dute
Garai batean zoologiko txiki bat izan zuen Igeldoko jolas-parkeak, eta kendu zutenean, zinema pare batek hartu zuen bere tokia. Azken zinema, 90eko hamarraldian itxi zuten, hiru dimentsiotakoa. Jolas parkearen mendeurrena dela eta, Aitonaren argazkia izeneko argazki lehiaketa antolatu zuten ospakizunen barnean, besteak beste. Hala, 1990 urtea baino lehen parkean ateratako irudiak berreskuratu dituzte. Hala, argazkiekin, bideo bat osatu dute, erakusketa moduan, eta garai batean zoologikoak eta ondoren zinemek hartutako txoko horretan ikus daiteke. Ikus-entzunezkoan entzuten den abestiko hitzek Igeldo Mendia Elkarteak egindako poema batean dute oinarria. Marisol Vander-Vorstek jarri dio musika euskarazko bertsioari; gaztelerazko abestiari, berriz, Xabier San Martinek jarri dio. Asteburuetan zabalduko dute erakusketa, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.