Lankidetza plana bihar onartuko du udal gobernuak
Plangintzak datozen hiru urteetarako irizpideak zehazten ditu, eta udala eredugarri izatea du helburu.
Udal gobernuak ostiralean onartuko du Lankidetza eta Garapenerako Hezkuntzako II. Plan Zuzendaria. Aurreko hiru urteetan indarrean izan denaren oinarri berak ditu, baina irizpide zehatzagoak, emaitzak errazago neurtzeko. Lankidetza zinegotzi Jon Albizuk atzo aurkeztu zuen, eta agerraldian adierazi zuenez, horren helburua “udal gobernua eredugarria izatea da; egiten edo laguntzen dituen proiektuetan irizpide horiek bultzatuz”.
Aurreko plangintzan jasota zeuden esparruak mantenduko ditu berriak. Besteak beste, genero berdintasuna, giza eskubideak edota komunitateen parte hartzea; eta hauei beste bi gehitu dizkiete: elikadura burujabetza eta kontsumo arduratsua, nahiz indarkeria eza aktiboa. Lehenengoari dagokionez, FIARE banketxe etikoarekin harremana estutu eta erosketa publiko etikoa sustatuko dutela adierazi zuen Albizuk. “Ez diegu herritarrei beste modu batean eros daitekeela esan nahi bakarrik, horren eredu ere izan nahi dugu”.
Lankidetza Atalak lau helburu estrategiko zehaztu ditu datozen urteetarako: lankidetza eta garapenerako hezkuntza eraldatzailea sustatzea; hirian gizarte aldaketa bultzatzea; irizpide etikoak eta solidarioak udaleko politika guztietara zabaltzea, eta lankidetzan eta internazionalismoan ari diren gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte mugimenduak indartzea.
Gizartea aldatzeko nahi horretan, garrantzia berezia eman nahi diote donostiarrak euren lurraldetik kanpoko borroketan inplikatzeari. Asmo hori Donostia munduartean egitasmoaren baitako ekimenetan islatzen da, baita palestinar edo saharar herriarekiko udal gobernuak adierazitako elkartasunean ere. Kontzientzia hartzetik harago joan nahi dute oraingoan. “Arazoen sustraietara jo behar dugu, munduko desorekak konpontzen ahalegindu. Gure sistema neoliberalaren ondorio dira; beste herrialdetako egoera aldatu nahi badugu, guk geuk aldatu behar dugu ere”, zehaztu zuen Albizuk. Aurkeztutako planak “iraultza” ekarriko ez duela badaki ere, “hasiera izango da. Helburu horrekin sortu dugu”, gehitu zuen zinegotziak.
Lankidetza Atalak 1.361.000 euroko aurrekontua du aurten, eta honen gehiena, 750.000 bat euro, urtero ebazten diren laguntzetan banatzen ditu. Diru horren %70a Hegoaldeko herrialdeetan egiten diren proiektu zehatzetara bideratzen dute, eta gainontzeko %30a, sentsibilizazio kanpainetara. Udalak 22 bat egitasmo babesten ditu egun, besteak beste, Bolivia, Nikaragua, Guatemala, India, El Salvador edota Mozanbiken.
Txostena Donostia.org webgunean eskura daiteke. Hau osatzeko, Lankidetzako Aholku Kontseiluko kideen iritziaz gain, hainbat pertsona, eragile eta Gobernuz Kanpoko Erakunderen ekarpenak jaso dituzte.



