Zinemaldian euskal zinemari eskainitako sailak sei estreinaldi jasoko ditu, sekula baino gehiago

Zinemirako antolatzaileek eta babesleek prentsaurrekoa eman zuten atzo goizean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Oraindik ere kutsu donostiarragoa izango du aurtengo Zinemaldiko Zinemira sailak; hau da, euskal zinemari eskainitako sail bereziak. Izan ere, Michel Gaztanbide eta Antxon Ezeiza zinemagileak gogoan izango dituzte, era desberdinetan. Michel Gaztanbide gidoilariak bere ibilbidea sarituko duen Zinemira Saria jasoko du irailaren 23an, euskal zinemaren festan.
Un poco de chocolate (Aitzol Aramaio, 2008) eta
El idioma imposible (Rodrigo Rodero, 2010) filmeetako gidoiak idatzi ditu Gaztanbidek, besteak beste. Antxon Ezeiza, berriz, iaz hil zen, eta Zinemirak omenalditxoa eskainiko dio. Zehazki, iaztik Euskadiko Filmategiak egindako lanari esker, euskal zinemaren ondareetako bat berreskuratzea lortu du. Ezeizak
Ikuskak izeneko film saila sortu zuen, Euskal Herriko hainbat konturen inguruan; orain, egindako berreskuratze lanari esker, sail horretako
Ikuska 20 filma Zinemiraren barnean eskainiko dute, belodromoan, irailaren 29an.
Bestalde, aurrekoetan bezala, bi ataletan banatua egongo da Zinemira; Zinemira Estreinaldiak eta Zinemira Panorama. Estreinaldien barnean, sei euskal film egongo dira:
Pura vida, En un paisaje imaginado, Leku hutsak hitz beteak, Mariposas en el hierro, Mur-mur eta
To say goodbye. Panorama sailean, berriz,
Camera obscura eta
Aita Zonbia naiz eskainiko dituzte. Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, azaldu zuen aurreko urteetan sail bakoitzak lau film jaso izan dituela, baina aurten estreinaldi asko zeudenez, sei sartzea erabaki dutela. Izan ere, Panorama saileko filmak, aurretik beste zinemaldiren batean estreinatutakoak izaten dira.
Zinemira Estreinaldiak saileko sei filmak, eta Zinemaldiko beste sail batzuetan eskainiko dituzten
Baztan, Bypass, Chika eta
Zuloak Serbitzu Saria lortzeko borrokatuko dira. Sari horren helburua, euskal kultura eta zinema industria garatzen laguntzea da; eta orotara 20.000 euro irabaziko ditu filmeko ekoizleak.
Horretaz gain, urtero legez, euskal film laburren aukeraketa bat ikusteko aukera egongo da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Filmategiaren Kimuak ekimenari esker. Honakoak izango dira filmak:
Deus et machin, Voice over, Agua!, Bajo la almohada, Beerbug, Casa vacia, Monsters do nost exist.
Donostia Sari gehiago
Rebordinosek azaldu zuenez, 60. Zinemaldia berezia izatea nahi dute, eta ospakizun hirukoitza prestatu dute; San Telmon museoan ikusgai dagoen argazki erakusketa, aurrerago azalduko duten eskola eta elkarteentzako ekimen berezia, eta Donostia Sari bereziak. Hori dela eta, dagoeneko bi saridunen berri eman duten arren, oraindik ere gutxienez beste bi saridunen bisiten berri emango omen dute.
Hautaketa batzordeak nahi zituen filmak hautatu dituela dio Rebordinosek: Hainbat kontu argitu nahi izan zituen Jose Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak, atzoko prentsaurrekoan. Minduta agertu zen azkenaldian hainbat komunikabidetan ateratako informazioagatik, eta horien harira hitz egin zuen. Beti ere, hautaketa batzordearen independentzia defendatu zuen; «1.800 film ikusi ondoren egin du hautaketa Zinemaldiko hautaketa batzordeak». Zehazki, euskal egoera politikoarekin lotura duten bi film atzera bota ditu Zinemaldiak, bost euskal presoren inguruko Barrura begiratzeko leihoak, eta Jesus Egiguren sozialistaren inguruko Memorias de un conspirador. Rebordinosek ez zuen inongo momentutan film baten izena ere aipatu, baina «ez da zentsurarik egon», errepikatu zuen behin baino gehiagotan.
Gainera, Zinemaldiak politika gaitzat duten hainbat film izango dituela esan zuen, eta baita bereziki euskal egoera politikoaz jarduten duten filmak ere.