Donostiako Zinemaldiak eta EITBk lankidetza hitzarmena berritu dute
Irrati-telebista publikoak jaialdiko bost galak emititzeaz gain, hauetako lau ekoizteko ardura bere gain hartu du.
Donostiako Zinemaldiak eta EITBk lankidetza hitzarmena berritu zuten, atzo, Viktoria Eugenia Antzokian. Bi erakundeetako buruek, Jose Luis Rebordinosek eta Alberto Suriok, izenpetu dute akordioa. Horren arabera, beste urte batez, jaialdiaren jarraipen zabala egingo dute irrati-telebista zerbitzu publikoak bere komunikabideen emanaldietan.
Zinemaldiak bost gala izango ditu aurten: irekiera eta amaierakoa; gehi hiru Donostia Sariei dagokien bana. Horiek emateaz gain, ekitaldietako lau ekoiztuko ditu EITBk.”TVEk ekoitziko du irekiera ekitaldia; eta EITBk bi egiteko konpromisoa bazuen ere, beste bi bere gain hartu ditu. Eskertzen diegu ospakizunerako egin dugun apustuarekin bat egin izana”. Izan ere, jaialdiko arduradunek 60. urteurrena zinemagintzako izen ezagunekin ospatzeko ahalegina egin baitute. Horiek Zinemaldiarekin “lotu” nahi dituzte, eta hauei sari berezi batzuk banatuko dizkiete.
Horrez gain, Zinemira saila bera eta horretan nahiz Zabaltegin aurkeztuko diren zenbait ekoizpen babestuko ditu ere EITBk. Besteak beste, Leku hutsak, hitz beteak; Aita, zonbi bat naiz; Baztan edota Bypas filmak. Halaber, Luis Mariasek zuzendutako Gernika bajo las bombas TV moviea Zinemaldian estreinatuko dute, irailaren 25ean. 1937ko apirilaren 26an Gernikak jasan zuen Kondor Legioaren erasoa kontatzen du lanak. Istorioko pertsonaietako batzuk historikoak dira, eta besteak, fikziozkoak.
Bi erakundeek urteurren berezia ospatzen dute aurten. Zinemaldiak seigarren hamarkada urratuko du; EITBk, berriz, horren erdia, 30 urte.

