Michael Hanekeren 'Amour' eta Ken Loachen 'The Angels' Share', Zinemaldiaren perlen artean
Zinemaldiak Zabaltegi Perlak sailean ikusi ahal izango diren filmak aurkeztu ditu. Nazioarteko zine-jaialdi garrantzitsuetan ikusi ahal izan diren pelikula onenetako batzuk aurkeztuko dira sail honetan. Michael Haneke zuzendariaren Amour izango da ikusgai Donostian. Urrezko Palmorria irabazi zuen Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan. Protagonistak Georges eta Anne dira, laurogei urteko bi musika-irakasle. Bien arteko amodioa kolokan jarriko da Annek bihotzekoa jasan eta bere gorputza paralizatuta geratzen denean. Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva eta Isabelle Huppert dira filmaren protagonistak. Ramon Agirre aktore donostiarrak ere bigarren aktore gisa parte hartu du film honetan.
Ken Loachen azken filma ere izango da jaialdiko perletako bat: The Angels’ Share. Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta epaimahaiaren saria irabazi zuen. Protagonista gazteak iraganean eginiko delitu guztiak zuzentzea erabakiko du bere lehenengo semea jaiotzean. Eta orduan, whiski-dastatzaile gisa ustekabeko talentua duela konturatuko da.
David Frankelen Hope Springs filmak Tommy Lee Jones aktorea ekarriko du hirira, eta hark jasoko du aurtengo Donostia Sarietako bat. Beste saridunetako bat izango da Oliver Stone, jaialdiaren 60. urtemugako Donostia Saria eskuratuko du-eta. Eta haren film bat ere Zabaltegi Perlak sailean proiektatuko dute: Savages. Olivier Assayas-en Apres mai; Benh Zeitlin-en Beats of the Southern Wild, Paolo eta Vittorio Tavianiren Cesare deve morire, Bart Laytonen The imposter, Bernardo Bertolucciren Io e te, Pablo Larrainen No,Ben Lewinen The Sessions, eta Ana Murugarren eta Joaquin Trincadoren Esta no es la vida privada de Javier Krahe filmek osatuko dute Zabaltegi Bereziak saila.