"Susmatzen dugu gu baztertzeko erabakiak gehiago izan duela politikotik artistikotik baino, eta, sortzaile bezala, ezin dugu 'normaltzat' hartu hori"
Barrura Begiratzeko Leihoak dokumentala Zinemaldian ez egotearen harira, filmeko bost zuzendariek Tabuak, beldurra eta leihoak izeneko iritzi artikulua idatzi dute. Zinemaldiarekin polemikan sartzeko gogorik ez dutela azaldu dute; baina, hala ere, “errespontsabilitateak” hitza hartzera “behartu” dituela diote: “Izan ere, susmatzen dugu gu baztertzeko erabakiak gehiago izan duela politikotik artistikotik baino, eta, sortzaile bezala, ezin dugu ‘normaltzat’ hartu hori. Ezin dugu jokatu ezer gertatu ez balitz bezala. Bestela, gehiagotan gertatuko dira antzeko gauzak aurrerantzean.
Hautaketa batzordeak haien lana baztertu arren “oztopoak oztopo” lanean jarraituko dutela adierazi dute. Nahiz eta programa ofizialean ez egon; Zinemaldia dokumentala zabaltzeko baliatuko dutela esan dute artikuluan: “barruan itxi zaizkigun ateak kanpoan zabaldutako leihoak izan daitezen”.