Udaran, 30.000 bisitari inguru izan dituzte Kutxaren erakusketa aretoek
Kutxako Gizarte Ekintzaren bi erakusketa-guneek bukatutzat emango dituzte bi erakusketa garrantzitsu, Felix Arteta marrazkilariaren erakusketa Boulevard aretoetan, eta Kubo aretoan ikusgai egon den Artea bizibide, Circa XX-Pilar Citoler bildumako obra hautatuak. Kutxak bidalitako ohar baten arabera, bi erakusketa horiek 30.000 bisitari inguru izan dituzte udaran.
Joan zen igandean, abuztuaren 26an, itxi zuten udan egon den Artea bizibide erakusketa, eta 20.000 lagunek baino gehiagok bisitatu dute. Kubo aretora joan diren artezaleek aukera izan dute erakusketa oso bat ikusteko, Circa XX-Pilar Citoler bilduma ospetsuko ehun bat lan biltzen dituena; eta funts horretan daude nazioartean ospe handikoak diren artisten lanak: Joseph Beuys, Calder, Bresson, Hockney, Picasso, Rauschenberg edo Warhol, beste askoren artean.
Boulevard aretoetan, berriz, udan, Félix Arteta-ren (1890-1986) erakusketa handi bat egon da ikusgai, eta 9.500 bisitari baino gehiago izan dira bertan. Bilboko marrazkilari hau gai populistako lanekin nabarmendu zen, eta berari eskainitako erakusketa abuztuaren zazpian hasi eta irailaren 9ra arte bisitatu ahal izango da. Marrazkilariaren lanaren erakusketa zabala da, Artetaren unibertsoa leialki islatzen duena, euskal mundua ironia dibertigarriz irudikatzeko zeukan nagusitasun handiarengatik baitzen ezaguna.