Erraldoien begirada
Donostiako Itzurun konpartsako zortzi erraldoiak ikusgai egongo dira San Telmo museoko klaustroan irailaren 9a bitartean.
Aurten, lehen aldiz, Aste Nagusia bukatu ondoren, Itzurun konpartsako erraldoiak ikusgai daude San Telmo Museoan. Beste urteetan, Aste Nagusia bukatu ondoren desmuntatu eta gorde egiten dira, baina aurten museoko klaustroan kokatu dituzte bisitarien gozamenerako, irailaren 9a arte. Museoko arduradunen esanetan, gainera, oso harrera ona izaten ari dira. Jende asko ari da hurbiltzen zortzi erraldoiak gertutik ikustera eta beraiekin argazkiak egitera.
Bisitari gehienak familiak omen dira. Izan ere, umeek lasaiago miresten dituzte pertsonaia berezi hauek geldirik daudenean, kaleetan zehar dantzan dabiltzanean baino.
Zortzi erraldoi, zortzi istorio
Lau bikotek osatzen dute erraldoien konpartsa; bakoitza herrialde batekoa. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako ikur diren pertsonaien irudiak dira. Jose Ignacio Urbietak izan zuen ideia, eta Rafael Giraldezek eman zien forma. Beira-zuntzez eginak daude erraldoien aurpegi eta eskuak eta zainketa berezia behar dute. Dena den, 2009an berriztatu zituzten, eta Donostiako kaleetan luzaro dantzatzeko prestatuak daude.
Arabako bikote dantzaria
Gizonak, Araba hegoaldeko hainbat herritako jai-desfilean buru den katximorroa irudikatzen du. Kolorez betetako jantzia darama, eta kaskabiloak ditu gerrian eta lepoan. Dantzariek behar duten tokitik jendea uxatzeko eginkizuna betetzen du.
Emakumeak soineko zuria darama, eta kolore argitako apaingarri batzuk ditu gonan. Buruan, berriz, lore zuriz eta karmesiz osatutako koroa bat darama Arabako jatorriaren ohorez.
Erronkariko bikote nafarra
Erronkari ibarreko ohiko janzkera ikus daiteke bikote honi begiratuta. Antza, IX. mendean inguru hartako emakume batek burua moztu zion Abd ar-Rahman I.ari bere dagarekin, eta gonan eraman zuen herriraino. Nafarroako erregeak, haren ausardia saritzeko, Erronkari ibarreko emakumeen soinekoetan gona-gainekoa ezarri zuen.
Gizonak, daraman jantzi hori bera erabiltzen dute oraindik Erronkariko ordezkariek, uztailaren 13an, San Martin harrira igotzen direnean, Hiru Behien Zerga ospatzera.
Itsasoarekin lotutako bikotea
Gipuzkoako emakumeak Pasai Donibanen jendea itsasadarraren alde batetik bestera eramaten zituzten batelarietako bat irudikatzen du. Gizona, berriz, baleazale bat da, X. mendean balearen arrantzan maisu izan zirenen ondorengoa. Eskuetan bere arpoia du, eta urrezko uztaia darama ezkerreko belarrian. Gutxienez Magallaes itsasartea zeharkatu edo Esperantza Oneko lurmuturra igaro zutenen bereizgarria izan zen.
Bizkaiko bikote baserritarra
Emakumea, etxekoandre baserritar bat da. Eskuineko eskuan, saski handi bat du baserriko baratzeko produktuak merkatura eramateko. Ezkerreko eskuan, berriz, jaietako ohiko erroskilak ditu, ihi batekin lotuak.
Gizona, berriz, aintzinako burdinoletan ziharduten olagizonetako bat da. Alkandora zuria eta txano marroia daramatza. Feltro lodiko kapela, burua sutegiko txinpartez babesteko erabiltzen zena. Pipa bat du ahoan, eta zuzi bat eskuan. Zuzi horrekin, su ematen zitzaion sutegiari edo galdaketa-labeari.


