Fernando Balentziaga: "Txanda irabaztea da gure helburua, bai ala bai"
Fernando Balentziaga, Hondarribiko arraunlaria
Urkin eta Orion ibili ostean, Hondarribian lehen denboraldia osatzen ari da Fernando Balentziaga antiguatarra; igandekoarekin zapore gazi-gozoa duela dio.
Kontxako Banderako lehen jardunaldian, Hondarribia espero baino atzerago geratu zen, Kaikuk sekulako erakustaldia egin ostean. Beraz, bandera urruti ikusten dutenez, helburua aldatu dutela dio Fernando Balentziagak (Antigua, 1983). Edonola ere, oso pozik dago klubean, eta bertan jarraitzeko gogoa duela adierazi dio IRUTXULOKO HITZAri.
Zein sentipen geratu zaizue igandeko estropadaren ostean?
Bi sentipen kontrajarri ditut. Laugarren tokian geratu ginelako gaizki, baina egokitu zitzaigun kalerako eta itsasoa nola zegoen ikusita, lan ona egin genuen. Azken batean, laugarren postuan geratuta, ez gaude bereziki pozik; hala ere, estropada ona egin genuen.
Kalearekin zorte txarra izan zenutela diozu, baina itsasoa arraunean aritzeko ongi zegoen, ezta?
Itsasoa ongi zegoen, baina Frantziako olatua zetorrenez, laugarren kalea okerrena zen. Kaikukoak oso onak dira, eusten saiatu ginen lehen luzean, baina itzulerakoan ez ginen txukun ibili.
Kaikuk, hala ere, hiru segundoko zigorra jaso zuen…
Bai, azkenean hiru segundo traineru baten distantzia da gutxi gora-behera. Beraz, hautsi zitzaien arraunaren kontura, alde gutxiago izango dute.
Gainontzean aurkariak nola ikusi zenituzten?
Kaiku oso ongi ikusi genuen, espero genuen moduan; Urdaibai baita ere, eta Tiran betiko moduan. Ez zen ezusteko handiegirik egon.
Datorren igandeari begira zein helburu duzue?
Errealistak izanez, helburua aldatu dugu. Txanda irabaztea da gure helburua, bai ala bai; behin txanda irabazita, ikusiko dugu zein den gure saria. Agian hirugarren postura igoko gara, edo laugarrenean geratuko gara, ikusiko dugu.
Badakizue zer nolako itsasoa datorren iganderako?
Momentuz badirudi antzeko dagoela. Aste honetan asko alda daitezke iragarpenak, eta ostirala edo larunbata arte ez dugu ziur jakingo nola egongo den itsasoa.
Nola dago taldea momentu honetan?
Oso animatua eta gogo askorekin. Lan ona egiteko gogoz gaude, eta txanda irabazteko prest aterako gara. Egia esan, oso batuak gaude eta guztia ematen saiatuko gara.
Nola biziko duzue aste hau?
Orain, laugarrenak garela jakinda, astea amorru onarekin biziko dugula uste dut, eta estutasunik gabe. Gozatzera eta txanda irabaztera etorriko gara. Bandera 17 segundora dugunez, ausartak izan behar dugu, ez dugu ezer ere galtzeko.
Kontxan maiz izaten dira ezustekoak…
Bai. Hogei minutu oso luzeak izaten dira, eta itsaso zakarra altxatzen bada… edo auskalo, mila gauza gerta daitezke, zergatik ez dizkiegu 18 segundo aterako? Ezinezkoa denik ez dugu esango, baina oso zaila dago bandera. Gainera, Kaikuz gain, Urdaibaik eta Tiranek huts egin beharko lukete.
Kontxaz gain, zer moduzkoa izaten ari da Hondarribiarekin ixten ari zaren lehen denboraldia?
Inor ere ezagutzen ez nuen klub batera iritsi nintzen. Banuen zalantza ea nola jasoko ninduten, eta azkenean, uste nuena baino askoz ere hobeto jaso naute. Sekulako lagun taldea osatzen dugu, eta urtebete zoragarria osatu dugu. TKE Ligan ere oso ongi ari gara, eta Espainiako txapeldunak izatea ere lortu genuen. Egia esan, oso pozik nago.
Liga badirudi Kaikuk eramango duela, ezta?
Matematikoki ez da ziurra, baina alde handia darama, eta seguraski beretzat izango da. Guretzako, bigarren postuan geratzea pena da, hortxe egon garelako, baina aldi berean, meritu handikoa da. Arrauna lanarekin osatzen dugun arraunlariak gaude taldean, Kaikun, berriz, arraunlariak banan-bana aukeratuak daude, entrenatzaileak nahi bezala.
Zure arraun ibilbidea Ur-Kirolaken hasi zenuen.
Bai, 12 urterekin hasi nintzen Urkin, eta 21 urte izan arte egon nintzen. Oso gustura egon nintzen Urkin, eta lagun mordoa egin nituen. Senior traineruan lehen denboraldia egin nuenean, ez genuen Kontxarako sailkatzea lortu, baina hurrengo bi urteetan bai. Beraz, Urkirekin bi Kontxa egin nituen, eta esperientzia polita izan zen. Oso denbora onak egin genituen, eta urte horietan nagusi izan zen Astillerorengatik gertu geratu ginen. Beste kontu bat zen hura, baina oso polita.
Eta Urkitik Oriora.
Bai, 2006tik aurrera Orion aritu nintzen. Oso klub handia da eta herritarrek ero moduan jarraitzen dute. Beti irabazi beharra zegoen, bigarren geratzeak sekulako atsekabea sortzen baitzuen. Lortu dudan ospe apurra, Orion lortu dut.
Iazko denboraldia izango zen zailena.
Bai, baina kontua da nik iazko udan ez nuela arraunik egin. Neguan aritu nintzen, baina gero arazoak izan nituen eta ez nuen jarraitu. Aurten Orio berriro mailaz igotzea espero dut.
Zer moduz ikusten duzu Donostiako arraunaren egoera?
Pixkanaka borrokan ari dira. Pausoak txikitzeko, sekulako dirutza erabili behar da fitxaketak egiteko, bigarren mailako beste klub batzuk egin duten moduan. Bestela, lanari ekin behar zaio, ahal denarekin. Donostiakoa berezia da, hainbat kluben baturatik sortu baita trainerua; eta hirian, futbola, errugbia, atletismoa… daudenez, zaila da gazteak hiriko trainerura erakartzea. Nik onena opa diet, eta ea urte gutxi barru hiriko trainerua Kontxako banderagatik lehian dabilen, eta ez atzean beti bezala. Egia esan, nire ustez igandean Kaikuk sekulako denbora egin zuen, eta Donostiarrak lan txukuna egin zuela iruditzen zait, minutu eta gutxira geratuta.
Kontxako lau traineruk dute ordezkari donostiarren bat: Kontxako Banderan lehian dabiltzan gizonezkoen zortzi traineruen artean, lau trainerutan dago ordezkari donostiarren bat gutxienez. Donostiarrako ia arraunlari guztiak etxekoak dira, baina, horretaz gain, beste hiru traineruk ere badute donostiarren bat.
Kaiku da bandera eskuratzeko faborito handia, eta bertan Xabier Etxebeste loiolatarra dabil; horretaz gain, Hondarribian Fernando Balentziaga dago; eta San Juanen, David Sainz loiolatarra eta Iban Verdugo altzatarra.



