Txapela kentzeko modukoa
Chapela arraun elkarteko trainerua aurtengo ezuste atsegina izan da, Kontxan lehiatzeko txartela lortu eta gero; galiziarren balentria ez da kasualitate hutsa izan, denboraldi bikaina gauzatu baitute euren Ligan.
Kontxako Banderaren ezuste atsegina izan da, igandean errealitatera itzuli zen arren. Chapela arraun elkarteko trainerua ohorezko txandatik kanpo geratu den ontzietako bat da, espero zitekeen bezala. 19 minutu eta 49 segundoko denborarekin, seigarren postuan geratu zen herenegun. Duintasunez amaitu zuen lehen jardunaldiko lana, presiorik gabe, disfrutatzen, zailena egina baitzuen; Kontxako banderan egotea, alegia.
Joan den osteguneko sailkatze estropadan kiniela guztiak apurtu zituzten galiziarrek. Izen berezia duen traineruak egindakoa, ordea, ez da kasualitatearen ondorioa. Lan asko dago atzean. Txapela kentzeko modukoa.
2012an emaitza ikusgarriak bildu ditu; sei bandera irabazi ditu aurten Galiziako Traineruen Ligan, txapelketa 2005. urtean abian jarri zutenetik lau besterik ez zituenean lortu. Bigarren geratu da Ligan, Amegrove txapeldunarekin berdinduta.
Donostiarra kenduta, TKE Ligan ez dagoen traineru bakarra da Kontxan; eta igandean erakutsitakoaren arabera, faboritoak alde batera utzita, besteen denboretan dagoela esan daiteke.
Laranja eta urdina
Chapela Galiziako Pontevedra probintziako Redondela udalerriko arraun elkartea da. Chapela bertako parrokia baten izena da; Moañaren aurrean dago, Vigoko itsasadarraren beste aldean. 2009ko erroldaren arabera, 7.672 biztanle ditu auzoak.
Elastikoa laranja dute arraunlariek, eta trainerua urdina da; Arealonga izenekoa. 1980. hamarkadaren bukaeran nahiko ondo ibili zen Galiziako estropadetan, Moaña (1987), Bueu (1988) eta Bayona (1988) herrietako banderak etxeratu baitzituen. 1990. urtean, Espainiako Traineru Txapelketako finalean sartu zen, eta laugarren egin zuen. Hurrengo urteetan Galiziako bigarren ontzia izan zen, Meiraren atzetik.
Bi hamarkada geroago, Galiziako traineruen Ligan dago, eta aurten inoiz baino hobeto aritu da. Bigarren postua lortuta, TKE Ligara igotzeko play-offak jokatzeko txartela lortu du, baina, diru arazoak direla eta, igoerari uko egin dio. Hain zuzen ere, baliabide falta da elkarte xume honen arazo nagusia. Webgunerik ere ez du.
Protesta, agintarien aurrean
Chapelak egoitza berria du aurten; aspaldiko aldarrikapena egia bihurtu dute, beraz. Hori bai, arraun elkarteak bereak eta bi pasa ditu helburua lortzeko. Lanak gehiegi luzatu ziren, eta horrek ezinegona sortu zuen arraunlarien artean; gaztetxoak zein helduak, emakumezkoak zein gizonezkoak. Izan ere, lanak egin bitartean, obrako etxoletan zituzten aldagelak. Gainera, argi indarraren faltan, gimnasio berria erabili ezinik egon ziren; ur berorik eta aireztapen sistemarik ez zutelako.
Redondelako Kontseiluaren egoitzaren aurrean egin zuten protesta, egoitza berriko lanak behingoz buka zitzaten. Inaugurazioa, azkenean, aurtengo urtarrilean egin zuten, urtebeteko lanen ostean.



