Anoeta estadioak atletismo pistarik ez izateko lehen pausoa emango dute
Udal gobernuak etzi onartuko du Amarako Plan Orokorraren aldaketa, iraileko osoko bilkurara eramateko
Realzaleak pozteko moduko albistea eman zuen atzo goizean Ricardo Burutaranek, udaleko Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak. Burutaranen hitzetan, udal gobernuak Hiriko Plan Orokorrean aldaketak onartuko ditu etzi, Amarako inguruari dagokionean, Anoeta estadioaren birmoldaketa egin dadin. Hala, realzaleek hainbatetan eskatutako atletismo pistak kendu ahal izatea bideratuko dute. Horretarako, ordea, behin udal gobernuak dokumentua onartu ostean, iraila bukaeran egingo duten osoko bilkuran ere baiezkoa eman beharko dute gainontzeko alderdi guztien artean. Ondoren, Gasteizera bidaliko dute, Eusko Jaurlaritzara, eta hiru hilabeteren ostean onarpena jasotzea espero dute. Ondoren, eraikuntza proiektua eratzeko garaia iritsiko da.
Aurreko udal gobernuak Realaren adostutakoari bi aldaketa nagusi egin dizkiotela azaldu zuen Burutaranek. Batetik, Anoetako lursailak udalarena izaten jarraituko du, orain arte bezala, eta bestetik, inguruari eragin diezazkion kalteak gutxitzeko, estadioan jarriko dituzten lau dorreen luzera gutxitu dute, 26’50 metroetara. Burutaranek ez zuen argitu, estadioko lanak nork egingo dituen erabakitzeko lehiaketa publikoa zabalduko duten, baina azaldu zuenez, Anoetaren birmoldaketaren kargu egingo den enpresak, baldintza pare bat izango ditu. Futbol estadioa, errugbi partidak jokatzeko egokitua utzi beharko du, eta gainera, Anoetako estadio txikia ere hobetu beharko du, ikusle gehiagorentzako egokituz.
Aperribai pozik agertu da
Birmoldaketa lanek lau urteko luzapena izango dute, eta bitarte horretan, ez dute estadioa itxiko. Hala, futbol partidak normaltasunek jokatuko dituzte eta uneoro 27.000 zalerentzako eserlekuak egotea bermatuko dute. Azken batean, atletismo pistak kenduta, 40.000 ikuslerentzako egokitu nahi dute Anoeta, eta guztira, 62’5 milioi euroko aurrekontua izango duela kalkularu dute. Hori bai, udalak ez du laguntza ekonomikorik emango.
Albiste onak jaso zituela onartu zuen Jokin Aperribai Realeko presidenteak atzo eguerdian, Santa Maria elizako kaperako mezatik irten ostean. «Denbora asko generaman estadioaren kontuarekin lanean, eta beti jaso dugu udal alderdien babesa. Udaletik baimenak jasotzea beharrezkoa da estadioaren birmoldatzea egi bihurtzeko», aipatu zuen Aperribaik. «Aurrerapauso bat lortu dugu; zelaia Realarentzat zerbait estrategikoa da», gehitu zuen.
Aurrekontuari dagokionean, Realeko presidenteak badaki ez dela eskatzeko garaia, baina esperantza du erakundeekin adostasunera iristeko. Edonola ere, ez zuen daten inguruan hitz egin nahi izan.



