Fernando Sasiain alkatea izena jarri diote dute San Telmo Museoko eraikin berriari

Juan Karlos Izagirre alkateak desestali zuen plaka, San Telmo Museoko zuzendari Susana Soto eta Sasiainen hiru iloba txiki begira zituela. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Zuloaga plazako museoa inauguratu zutela 80 urte bete diren egunean omendu dute bere sustatzaileetako bat izan zen garaiko alkatea.Eraikinaren izendatzea hainbat herritar ezagunen proposamena izan da.
Fernando Sasiain alkatea izena izango du aurrerantzean San Telmo Museoaren handitze lanetan egin zen eraikin berriak. Izan ere, politikari errepublikarra udalaren buru zela inauguratu baitzen Zuloaga plazako museoa 1932ko irailaren 4an. Gertakari hartatik zortzi hamarkada bete ziren, atzo, eta urteurren biribila baliatu zuten udal agintariek eta museoko arduradunek Sasiainek egindako lana aitortzeko. Udaleko Txistulari Bandak girotu zuen ekitaldia. Hasi aurretik, jotzen aritu ziren, gutxika, Zuloaga plazara bertaratu zirenei itxaronaldia arinduz. Hiritarrekin batera, udal alderdietako ordezkariak eta pertsona ezagunak bildu ziren. Besteak beste, Pako Etxeberria auzitegi medikua, Jose Luis de la Cuesta zuzenbide penalean aditua, Aquariumeko lehendakari Vicente Zaragueta, Imanol Olaizola kimikari eta musikologoa, Donostiako Orfeoiko lehendakari Jose Maria Etxarri eta Iñaki Egaña historialaria zeuden, besteak beste. Hauetako askok ahaleginari saria jaso zuten atzo; Sasiainentzako aintzatespena eskatzen. Izan ere, izendatzea Etxeberria, de la Cuesta, Etxarri, Olaizola, Zaragueta, Pedro Miguel Etxenike ata Jose Luis Munoak egindako proposamena baita. Lauzpabost urte daramatzate alkate errepublikarra ahanzturatik ateratzeko lanean, eta bidean beste herritar batzuk batu zaizkie. San Telmo Museoaren administrazio kontseiluak iazko martxoaren 29an onartu zuen proposamena, eta atzo gauzatu zuten.
Vicente Zaragueta, Imanol Olaizola, Jose Luis de la Cuesta eta Jose Maria Etxarri dira izendatzea sustatu duten herritar ezagunetako batzuk. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Ekitaldiaz gain, Sasiain nor zen eta zer egin zuen jendarteratzeko, San Telmoko arduradunek berari buruzko mahaingurua antolatu zuten arratsalderako. Alkate errepublikarrari buruz hitz egitekoak ziren Rosa Aierbe historialaria, Xabier Urmeneta psikologoa eta Iñaki Markez psikiatra. Bere izaera, garai hartako politikan izandako garrantzia, eta Palentziako psikiatrikoan hil arte igaro zituen azken urteen berri ematekoak ziren. 80. urteurreneko ospakizuna amaitzeko, Donostiako Orfeoia saio laburra egitekoa zen San Telmo Museoko elizan. Izan ere, 1932ko inaugurazioan ere parte hartu baitzuen abesbatzak, eta egun horri begi keinua egin nahi izan zioten.

