
Postuetako bat (Argazkia: Agurtzane Altuna).
Mota guztietako materiala aurki daiteke Gipuzkoa plazan dagoen Liburu Zahar eta Aukerazkoen Azokan.
Liburu Zahar eta Aukerazkoen Azokak hamazazpigarren urtea du aurtengoa Donostian. Beti bezala Gipuzkoa plazan dute beren lekua 40 postuek, eta txoko bakoitzean ehundaka titulu, milaka orri eta beste hainbeste istorio aurki daitezke liburu artean ezkutaturik. Bilaketa lan hau ez da erraza, ordea, eta postuz postu patxadaz ibiltzea komeni izaten da. Izan ere, azoka honetara datorrena alferrik etorriko da modako edo ahoz-aho dabilen titulu berri horren bila, hemen eskaintza bestelako da.
Liburu zaharrak gutxi gora-behera 100 bat urtetik gorakoak dira. Aukerazkoak, berriz, ez dute zertan produktu zaharrak izan behar, saldu ezinik soberan gelditutakoak dira eta oso prezio onean eskura daitezke.
Miren Iturrioz, Abarka argitaletxeko saltzaileak ongi ezagutzen ditu horrelakoak, baina jendeak ez omen du prezio onean erosteko aukera aprobetxatzen. «Titulu berriak 20 euro ordaintzeko gai da jendea, baina gero, bost, zortzi edo hamar euro ez dute ordaintzen oso interesgarriak diren hainbat produkturengatik».
Bildumagileentzat ere aukera
Bigarren eskuko liburuak eta diskak ere asko begiratzen ditu jendeak. Askotan liburutegietan ez daudelako eta horrelako azokak izaten direlako erakustoki bakarrak.
Lehen begiradan produkturik erakargarrienak, agian, fascimile motako liburutzarrak dira. Bilboko Jose Antonio Valladares ditu salgai. «Horrelako liburuek bezero zehatz bat izaten dute, oso garestiak dira eta ez daude edonoren esku. Horregatik, normalean bildumazaleek erosten dituzte. Batzuk marfilezko figurak erosten dituzte, beste batzuk koadroak eta askori fascimilearen artea gustatzen zaio».
Eskuizkribu, mapa edo aintzinako beste dokumetu baliotsuren erreplikak dira fascimileak. Orain gutxi famatua egin den Codex Calixtinus Santiagoko Katedralean lapurtutako liburuaren erreplika ere badu Jose Antonio Valladaresek. «Jende asko hurbildu da propio liburu hau gertutik ikustera. Baina ikustera bakarrik, ez da honelako produktuak erosteko garairik onena».
Orokorrean horixe diote saltzaile gehienek. Miren Iturriozek azoka lasaia dela baieztatu digu. «Boladak izaten dira, baina ez dabil jende asko aurten. Gehienak, gainera ikusmiran dabiltza; gu behintzat ez gara asko saltzen ari».
Liburu zaharrak gutxi gora-behera 100 bat urtetik gorakoak dira. Aukerazkoak, berriz, ez dute zertan produktu zaharrak izan behar, saldu ezinik soberan gelditutakoak dira eta oso prezio onean eskura daitezke.
Letra txikiz idatziak
Txanponaren beste aldea urrutian aurkitu dugu. Limatik (Peru) etorri da Raul Briceño Polo. Urtero etortzen omen da eta Donostia beti izan omen da oso plaza ona. Eskuz egindako liburu txikiak edo miniaturak saltzen ditu berak. «Jendeari asko gustatzen zaizkio miniaturak. Eskuz eginikoak dira guztiak, eta eskaintza oso zabala da».
400etik gora izenburu auki daitezke postu bitxi honetan. Biblia, El Señor de Los Anillos, El Quijote…pentsa daitezkeen lanik luzeenak izanda ere, esku baten biltzeko moduko tamainuan eskaintzen ditu Raul Briceño Polok. Gehien saltzen duen alea zein den ere jakinarazi digu. «Gezurra badirudi ere, Kama Sutra da gehien saltzen dudana. Osoa harrera ona du eta jendeak asko erosten du».
Irakurzaletasuna elikatuz
Liburu Zahar eta Aukerazkoen Azoka hau datorren irailaren 16a bitartean egongo da ikusgai Gipuzkoa Plazan. Bertako naiz Euskal Herritik kanpoko liburu denda, editorial eta banatzaileek dituzten produkturik interesgarrienak erakutsiko dituzte. Horien artean, Donostiako historia ezagutzeko material ugari aurki daiteke.