Euskal dantzarien presentzia bultzatu nahi du Dantzazek
Denboraldi berriari ekin dio hiriko dantza plataformak; bi donostiar daude lan taldean
Dantzaz plataformak seigarren denboraldiari ekin dio indarrez beteta. Txomin Eneako Artelekun du entsegu lekua Dantzazek, bertako Dantzagunean. Urtez urte hamar dantzari gazteri bertan ikasteko aukera ematen dio plataformako Dantzaz konpainiak, maila profesionalera hurbiltzeko asmoz. Azken batean, dantzari hasiberriei tokia ematen diete, ondoren, konpainia profesionaletara jauzia errazago eman dezaten. Aurten, gainera, lau dantzari gehiagorentzako tokia izango du plataformak, Mugi ekimenari esker. Hamasei urtetik gorako euskal dantzarientzako goi errendimendu eskola izango da Mugi, eta Dantzaz konpainiara igarotzeko aukera izango dute bertako kideek. Hala, Europa osoko dantzariak biltzeaz gain, euskal dantzariei bultzada eman nahi die Dantzazek, euren presentzia bultzatu. Momentuz, Mugiko bi toki bete dituzte, emakumeenak, baina gi gizonezkorentzako tokia dute oraindik.
Denboraldi berrian, beraz, 12 dantzari gaztek jasoko dute formazioa Dantzazen bidez. Horietako hamar, konpainiakoak izango dira; Ane Anza, Marina Scotto, Patricia Langa, Guillermo Millan, Emmanuel Dobby, Fem Rosa Has, Alicia Navas, Beñat Urretabizkaia, Alex Rosen eta Marco De Alteeris. Zerrendako azken bost dantzariak berriak dira konpainian, eta gainontzekoak, berriz, aurretik ibiliak. Aurten formazioa jasoko duten beste bi dantzariak, berriz, Mugikoak izango dira; Garazi Etxaburu eta Zuriñe Benavente. Dantzari guzti horietatik bi dira donostiarrak, Parte Zaharreko Ane Anza eta Intxaurrondoko Zuriñe Benavente. Beste bi dantzari ere euskaldunak dira, baina gainontzekoak Frantzia, Katalunia, Holanda, Madril, Suedia eta Italiatik etorritakoak dira.
Eskolak jasotzen hasi dira jada, baina oraindik denboraldiko emanaldien zerrenda ez daukate itxia. Hala ere, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta Alemanian hainbat emankizun eskainiko dituztela badakite.
Ibilbide oparoa
Bost urteko ibilbidea darama gainean Dantzazek, eta orain arte izandako lorpenez hitz egin zuen atzo Fernando Saez de Ugartek, Dantzazeko zuzendari nagusiak, komunikabideen aurrean. Bere hitzetan, 57 dantzari igaro dira Dantzaz plataformatik. Momentu honetan, 12 daude bertan, baina joandako gainontzeko 45 horietatik 39k dantza munduan lan egiten dute egun. Horretaz guztiaz gain, lan gehiago ere egiten du plataformak. Hala, esaterako, haurrentzako, hainbat tailer antolatzen dituzte.
Zuriñe Benavente, Mugi-ko dantzaria: “Astelehenean hasi ginen eta gorputz guztia mindua dut”
Dantzaz plataformaren barnean, Mugi ekimena sortu dute aurten, lehen aldiz, 16 urtetik gorako euskal dantzarientzako. Lau dantzarirentzako tokia du Mugik, baina momentuz bi hartu dituzte. Hautatuetako bat izan da Zuriñe Benavente (Intxaurrondo, 1993).
Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna?
Karatea egiten nuen, baina Anaiak akademian hasi nintzen dantzan, eta gustatu egin zitzaidan. Gero, Gasteizko kontserbatoriora joan nintzen, eta oso gustura egon nintzen.
Nola izan duzu Mugin sartzeko aukera?
Ba aurten berez, Bartzelonara nindoan dantza ikastera, eta Aldundiak ematen dituen beketako bat jasotzeko aurkeztu nintzen. Adriana Pous, Dantzazeko zuzendari artistikoa, eskolak ematen ari zen beka jasoko zutenekin. Hortik astebetera esan zidan ez nuela beka jasoko, baina ea hona etorri nahi nuen Mugin parte hartzera.
Dagoeneko hasi zarete lanean, ezta?
Astelehenean hasi ginen eta gorputz guztia mindua dut. Ordu asko dira, 10:00etatik 18:00etara aritzen baikara, baina oso gustura nago.
Zer moduz ari zara moldatzen gainontzeko dantzariekin?
Jende guztia oso jatorra da. Gainera, oso dibertigarria da, bakoitza leku batekoa baita. Holanda, Suezia, Frantziako eta Kataluniako dantzariak daude.
Zer espero duzu esperientzia honetatik?
Momentuz urtebetez geratuko naiz, eta Mugitik Dantzaz konpainiara igarotzea espero dut. Gero, bi urte barru beste konpainia batera joan nahiko nuke. Dantzari lotuta jarraitu nahi dut aurrerantzean, dantza irakasle


