Euskaltegietan izena emateko diru laguntzak mantendu dituzte
Udalak eta euskaltegiek ‘Egin kosk euskarari’ kanpaina abian jarri dute herritarrak euskara ikastera animatzeko.
Ikasturte berria hasi da, eta euskara ikastea sustatzeko, hiriko euskaltegi sareak eta udalak Egin kosk euskarari kanpaina abian jarri dute. Honen bidez, irail osoan zabalik egongo den izen emate epea ezagutarazi eta Udalaren Euskara Zerbitzuak eskaintzen dituen diru laguntzen berri eman nahi dute; iazko laguntzen kopuru bera mantenduko dute. Hau guztia aurkeztu zuten atzo udaletxean Euskara delegatu Nerea Txapartegik, Euskara Zerbitzuko Alex Aisak eta hiriko euskaltegietako ordezkariek.
Aurten ere kanpaina bateratua egin dute udalak eta euskaltegiek, «elkarrekin indar eta eragin gehiago» dutelakoan. Naroa Agirre kirolariaren eta Juan Mari Arzak sukaldariaren laguntza izan dute aurten, eta biak, udare bati kosk egiten ageri dira karteletan.Gaztelerazko leloarekin jolastuz –El euskara es la pera–, fruta hori hautatu duten euskararen ikur gisa. “Irudi horiekin jendea animatu nahi dugu euskara ikasi eta euskaltegietan izena ematera”, azaldu zuen Aisak. Autobusak erabiltzen dituzte kanpainaren euskarri gisa, baina baita telebistarako eta sare sozialetarako egin duten iragarkia ere. Bertan, sagarrarekin lotzen diren Edurnezuri, Newton, Adan eta Eba… eta beste pertsonaia batzuk ageri dira, baina sagarraren tokian, udarea ageri da. Ildo beretik, euskara ikastera animatzeko, 400 kilo udare banatuko dituzte Bulebarrean, gaur, 11:00ak aldera.
%50a arteko diru laguntzak
“Udal gobernuarentzat oso pozgarria da euskara ikasteko ahalegina gero eta jende gehiagok egiten duela ikustea, eta horretan laguntzea. Aurrerantzean ere apustu horri eutsi eta euskaltegiekin batera euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatzen jarraituko dugu”, baieztatu zuen Txapartegik. Euskara Zerbitzuak 225.541,45 euro bideratu zituen pasa den ikasturtean diru laguntzetara; eta kopuru bera mantenduko du berrirako ere.
Ikastaroaren arabera epe desberdinean egin beharko da eskaera. Hala, urritik aurrera ikasten hasiko direnek hilaren 17tik azaroaren 9a arte izango dute eskaera egiteko Konstituzio plazan dagoen Euskara Zerbitzuan. Bestalde, otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dituzte; eta horietan parte hartuko dutenek, otsailean eskatu beharko dute. Barnetegi, autoikaskuntza eta udako ikastaroak egiten dituztenek, aldiz, ikastaroa hasi eta bi astera.
Diru laguntzei dagokienez, bi berrikuntza izango dira aurten. Lehenengoz diru laguntzen eskaera Internet bidez egiteko aukera izango da Donostia.org eta Euskaraz.net web orrietan. Horretarako, ziurtagiri elektronikoa beharko dute herritarrek –NAN elektronikoa, Izenpe…–. Bestetik, 2012-2013 ikasturtean, neguko ikastaroak egiten dituzten ikasleek ditu laguntzak jasoko dituztela jakinarazi zuen Txapartegik. “Urrian jasoko dituzte abenduan beharrean. Horrela ikasten jarraitu nahi dutenek eskura izango dute dirua hurrengo ikasturtea ordaintzeko”.
Txapartegik hauek eskatu eta jasotzeko baldintzak zehaztu zituen. Eskatzeko, 16 urtetik gorakoa izan eta Donostian erroldatua egon behar da. Jasotzeko, berriz, euskaltegi batean matrikula egin, eskabidea dagokion epean eta derrigorrezko dokumentazioarekin batera aurkeztu; eta ikasturte amaieran, gutxienez, urrats bat gainditu eta %85 asistentzia egiaztatu behar da. Gehienez, matrikularen %50ko laguntza jasoko dute, nahiz eta bestelako laguntza osagarriak eskatzea ez galarazi.
Ikasle kopuruak gora
Euskaltegien izenean hitz egin zuen Miren Tolosak iazko ikasturtearen datuak ezagutarazi zituen. Udako datuak oraindik zenbatu ez badituzte ere, 4.102 lagun aritu dira hiriko euskaltegietan euskara ikasten. Gehienek, 2.878, euskaltegian bertan jaso dituzte eskolak; 803 lagunek autoikaskuntza ikastaroak egin dituzte Internet bidez, eta 421ek, xede bereziko taldeetan –ostalari, merkatari, etorkin…– parte hartu dute.
Azken bost urteetako datuei erreparatuz gero, asko dira euskara ikasten ari diren donostiarren kopurua. “Mantendu edo gora egiten ari da”, zehaztu zuen Tolosak. Halaber, euskaltegietatik kanpo ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko, 265 lagunek parte hartu dute Bagerak antolatzen duen Mintzalaguna ekimenean. Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagerak eta Donostiako euskaltegiek antolatutako Mintzodromoetan, berriz, 1.605 aritu dira.
Bestetik, diru laguntzei dagokienez, mila herritarretatik gora jaso dute laguntza azken urteotan. Udako datuen faltan, 1.530 eskabide egin dira oraingoz, eta aurreko urteetako joeretan oinarrituta, %60-%70ak bete ditzake jasotzeko baldintzak.



