Nafarroaren konkista ezagutarazi dute Bulebarrean
Nabarralde eta Nabarrherri elkarteek 1512ko gertakari historikoaren inguruko ekimenak egin dituzte.
Euskal Jaien egitarauaren barruan, 1512ko Nafarroako konkistari buruzko jardunaldia egin zuten atzo, Bulebarrean. Honen sustatzaileak, Nabarralde elkartea eta Nabarrherri ekimena dira. Biek antolatuta, egun osoan zehar, gertakari historiko horri lotutako egitarau zabala eta anitza egin zuten kiosko aurrean.
Lehen orduetan jende gutxi zebilen Parte Zaharreko gune honetan. Horregatik, Iñaki Egaña historialari amaratarrak eman beharreko Ezagutzen ez dugun Donostia hitzaldia zehaztutakoa baino beranduxeago hasi zen. Atzerapen horrek hizlariaren parez-pare zeuden aulkiak betetzen hasteko balio izan zuen. Hitzaldia berritu nahi izan duela argitu zuen Egañak, baina, denbora nahikoa izan ez duenez, azalpen zaharren eta berrien arteko nahastura egin zuen.
Historiaurreko aztarnetatik, gaur egungo historiara bidea egin zuen amaratarrak, pasadizo eta bitxikeria asko azalduz.
Kukubiltxo taldearen Ganboatarrak eta Oinaztarrak antzezlana hasi arteko tartean, lagun ugari hurbildu zen salmenta gunera. Han, Nafarroako banderak, poltsak, eta historia liburuak erosteko aukera izan zuten. Halaber, mahaien atzeko aldean egun osoan izan zen erakusketa ikusteko parada ere bazen. Bederatzi paneletan banatuta, modu grafikoan, 1512ko konkistari buruzko xehetasunak, aurrekariak eta ondorioak bildu zituzten.
Memoria historikoa gizarteratu
Historia gizarteratzeko modu berri honen bidez, jendearengana hurbiltzea xede du Nabarraldek. “Euskaldunei ezkutatu zaien historia liburuetan jasotzeaz gain, memoria historikoa gizarteratu egin behar da”, argitu zuen taldeko kide Beñi Agirrek. Nabarrherrik, berriz, mezu hori kultur ekimenen bidez zabaltzeko bideak eskaintzen dizkio. “Bide berezi eta egokia da. Jendea oso eroso sentitzen da kalean, gune irekian. Horregatik egin dugu honen aldeko apustua”, adierazi zuen Agirrek. Saio hauen bidez, interesa duelako joaten direnez gain, paseoan dabiltzanak erakartzea “erraza” da. “Are gehiago, antzerkia edo kantaldia bada”.

