Errauste plantaren aurkako giza katea egingo dute etzi Kontxako hondartzan
Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak deitutako mobilizazioa 11:30ean hasiko dute.
Errausketaren aurkako giza katea egingo dute igandean Kontxako hondartzan. Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak deituta, bederatzigarren urtez, atez ateko bilketaren aldeko eta errauste plantaren aurkako ekintza egingo dute. Aurtengo leloa Herriz herri, atez ate, errausketarik ez izango da. Hareatzara, 11:30ean jaitsiko dira, puxikak eta pankartak eskuetan dituztela, hondakinak tratatzeko erraustea baino “modu merkeagoak, gutxiago kutsatzen dutenak, energia gehiago aurrezten dutenak eta lanpostu gehiago sortzen dutenak” badaudela aldarrikatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udal askotako arduradunen “asmo onak” ikusi arren, mobilizatzea beti bezain garrantzitsua dela uste du Koordinadorako bozeramaile Maria Luisa Sanchezek. Izan ere, EAJk, PSOEk eta PPk errausketaren alde egiten jarraitzen baitute. “Ez dute edonola amore emango. San Marko Mankomunitateko zuzendaritza eskuratuko dute aurki. Hauteskundeen ondoren EAJren eta PSEren arteko akordioa bada, Aldundian aldaketak egin, eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa gehiengo lortuko duten beldur gara. Atzerakada litzateke”.
Atez atekoa, “eredugarria”
Alderdi horiek, hondakinak erraustearen alde egiteaz gain; «deserosoa eta zikina dela argudiatuz» atez ateko sistemaren “demonizazio kanpaina” gauzatzen ari direla gehitu zuen Sanchezek. Adierazpen hauei hondakinen kudeaketan urteak daramatzatenen iritzia kontrajartzen zaiela ere nabarmendu zuen: “Azken hilabeteetan Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola bisitatu dituzten AEBtako, Italiako, Kataluniako… hondakinekin lanean urteak daramatzaten hainbat gizon-emakumek eredugarritzat jo dute gure herrietako sistema”.
Hondakinak murrizketa eta berrerabilpena birziklapenaren aurretiko pausoak dira. Atez atekoa hondakinen gehiengoa gaika biltzeko bide egokia dela frogatu den arren, %80ko maila lortzen duen beste edozein sistema ere onargarria dela baieztatu zuten. Hondakin kopurua gutxitu eta maila horretan birziklatuz gero, errauste plantak eta hori eraiki nahiz mantentzeko behar den dirutzak “ez du inolako zentzurik” Koordinadorako kideen iritziz.


