Zinegotziak, gaur, botoa emateko unean (Argazkia: Nagore Koch).
Txartel arrunta bost zentimo garestiagoa izango da urritik aurrera; bonobus txartelak, aldiz, zentimo bat gehiago balioko du.
Ez ohiko udalbatzarra egin dute gaur udaletxean BEZaren igoera Donostiabuseko tarifetan aplikatzeko, datorren urtera arte itxaron gabe. Udal taldeek proposamena adostu dute, Bildu, PP eta EAJ alderdien aldeko botoarekin. PSE-EEk abstentzioaren alde egin du.
Erabakiaren arabera, bonobus txartela zentimo bat garestiagoa izango da urritik aurrera; aldizkako bidaiarien txartel arrunta, aldiz, bost zentimo garestiagoa izango da. Neurri honekin ohiko erabiltzaileak ahalik eta gutxien kaltetu nahi izan dituztela azaldu du Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk. Hori bai, Bilduko ordezkariak argitu zuen Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka daudela. «BEZak bai edo bai eragingo digu, Madrildik etorri den erabaki bidegabe baten ondorioz, hemendik urrun hartutako erabaki baten eraginez», esan du.